Jenni Alvaradoren erakusketea barriek 2021 programeari ekiteko

Bizkaie! 2021-07-26 12:41   Kulturea

Alvaradoren obrak ikusteko aukerea irailaren 19an amaituko da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren bekea jaso daben artisten artelanak hartuko ditu Bilboko Rekalde Aretoak. Hamargarren edizino honetan Jenni Alvarado, Izaskun Araluzea, Urtzi Urkixo, Javier Rodríguez Pérez Curiel eta Mikel Erkiagaren artelanak egongo dira ikusgai.

Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kirol Saileko diputaduak gaur goizean barriek 2021 programearen edizino barria aurkeztu dau, Rekalde Aretoan artelanak banaka erakutsiko dituen artistakaz batera.

XIX. mendearen amaieran Bizkaiko Foru Aldundia Espainian aitzindaria izan zan, artistei prestakuntzan laguntzeko pensino eta beken sistemea emoten hasi zalako; horregaitik, Rekalde Aretoaren helburu nagusia da talentua babestea eta Bizkaian sortu eta lanean hasten diran zenbait belaunaldiren garapen artistikoaren lehenengo etapatan laguntzea.

Barriek erakusketa-zikloari Jenni Alvaradoren pintura-erakusketeagaz ekin jako baina 2021. eta 2022. urteetan, ondoz ondo, gainerako banako erakusketak atonduko dira Rekalde Aretoan, izan be, Jenni Alvaradoren ondoren, Urtzi Urkixoren obra grafikoa helduko da eta aurrerago Javier Rodríguez Pérez-Curiel, Izaskun Araluzearen marrazki eta pinturak eta Mikel Erkiagaren pinturak ikusi ahal izango dira. Erakusketak bata bestearen atzetik etorriko dira gitxi gorabehera hile biko aldizkakotasunez.

Gainera, jenteak artistak zuzenean ezagutzeko, jarduera osogarriak, didaktikoak eta artisten tailerrak be atonduko ditue.

Diputatuak azpimarratutakoaren arabera, barriek ekimena martxan dago, helburu argia beteten dauelako: talentua eta ahalmen sortzailea erakutsi ostean, hasten dagozan Bizkaiko artistak gizarteari aditzera emotea. Horrezaz gan, Lorea Bilbao Ibarraren eretxiz, artelanak bistaratzeko plataformea da barriek; beraz, sortzaile barrientzat Bizkaia aukera-gune bihurtu da. Halako ekimenei esker, lurraldean dogun potentzialtasunaz ohartarazo eta talentu artistiko eta sortzaileari balioa emongo deutsagu, XXI. mendeko gizartean jagon eta indartu beharreko balioa baita eta jarrera horri eutsiz, Rekalde Aretoa gizarteratze-tresna nagusia da eta horretan ibilikio gara hurrengo urteetan be.

Barriek erakusketa-programearen datak

2021eko garagarrilaren 20tik irailaren 19ra

- JENNI ALVARADO (Durango, 1981). Euskal Herriko Unibersidadean Arte Ederretan lizentziaduna da (2006). Haren arte-proiektuek marrazkia eta pinturea dabe ardatz eta azkeneko urteetan ikus-entzunezkoen formatua be landu dau. Gainera, lehen eskultura pintura-baliabide modura erabili arren, gero eta presentzia handiagoa dau bere lanaren konfigurazino artistikoan. 2010. urtean Ertibil Bizkaian parte hartu eban eta 2011. urtean, Clone Magazine aldizkarian lankidetzan ibili zan. 2015. urtean, Eusko Jaurlaritzako arte plastikoen eta ikusizkoen bekea lortu eban Simbología para un trayecto pictórico proiektuari esker; 2018. eta 2019. urteetan pintura-masterra egin eban Euskal Herriko Unibersidadean eta, geroago (2019-2020), Bizkaiko Foru Aldundiko arte plastikoen eta ikusizkoen bekea eskuratu eban Objeto ritual proiektuari esker. 2020. urtean, Falso tótem izenekoa landu eban BilbaoArte Fundazioaren hiru hilez behingo arte-produkzinoaren bekeari esker eta 2021ean, instalazino-eremuko proiektua jorratu dau Rotoscópica izenez.

2021eko irailaren 21etik zemendiaren 21era

- JAVIER RODRÍGUEZ PÉREZ-CURIEL (Oviedo, 1978). EHUn Arte Ederretan lizentziaduna (2012) eta Artearen Ikerketa eta Sormenean masterduna (2014) da. Tabakaleran Itziar Okariz eta Jon Mikel Eubak erakutsitako artistentzako tailerrean parte hartu dau, baita BilbaoArte Fundazinoaren eta Montehermoso/EHU kultura-gunearen bekea lortu be. Bizkaiko Foru Aldundiko Arte Plastikoen eta Ikusizkoen bekea be izan dau (2019-2020). Aldi berean, besteak beste, Larraskitu, Bulegoa, Okela, Share eta BBK Liven zenbait musika-proiekturen kide izan da aurkezpen eta proiektu-modu desbardinei jarraituz. Artisteak kultura eta gizarteko zenbait eremutako materialak erabilten ditu, balizko interpretazinoaren arloak desbideratu, argitu edo eraldatzeko.

2021eko zemendiaren 23tik 2022ko urtarrilaren 23ra

- URTZI URKIXO (Bilbo, 1993). Arte Ederrak ikasi zituen EHUan Sormen eta Diseinua graduaren barruan (2011-2016). Haren prestakuntzea serigrafian Coruñako Centro Internacional de Estampa Contemporánea izenekoan egin eban(2018) eta, ondoren, Bartzelonako Diseinuko Goi Mailako Eskolan Diseinu Editorial eta Argitalpen Digitalak masterra egin eban (2019-2020). 2015etik Berlinen bizi da eta praktikak egin ditu Kunstlerhaus Bethanien-en. Horrezaz gan, serigrafia eta edizino digitaleko irakasle da ESDIPen. Arte Ederrak (2012). Erinnerung - Recuerdo - Gogoratzen dot erakusketan zenbait artelan aurkeztu ditu.

2022ko urtarrilaren 25etik martiaren 27ra

- IZASKUN ARALUZEA ITZA (Bilbo, 1994). EHUn Arte Ederretan gradua lortu eban Artearen espezialidadean (2016) eta, ondoren, Artearen Ikerketa eta Sormena masterra egin eban 2018. urtean. Ordutik, batez be, marrazketan ibilten da, pintureagaz buztartuta. Azkeneko urteetan hainbat erakusketatan parte hartu dau: Confi19, Bilboko Aire galerian (2020); Polita zatekeen, Algortako Torrene aretoan (2019); Dime, dame, Aire galerian (2019); así como en I_A_U, Bizkaiko Batzar Nagusietan (2018); Hire maitale traketsa eta Harriak programa, Beasain (2018).

2022ko martiaren 29tik maiatzaren 29ra

- MIKEL ERKIAGA (Bilbo, 1994). EHUn Arte Ederretan graduduna da (2016) eta bertan Irakasleen Gaikuntza masterra egin dau, Arte Ederren espezializazinoan (2019) eta Pinturan master profesionala (2017). Erasmus Poloniako Sztuk Pieknych im. Eugeniusza Gepperta we Wroclawiu akademian (2016). Banaka egin ditu erakusketak: Tarde roja, hoja azul, Juan Manuel Lumbreras galerian (Bilbo, 2019) eta Sitsak Janiko Berbak, Arrigorriagako erakusketa-aretoan (2017). Uri-paisajearen edo natura hilaren gaiak hartuta, argazki eta pinturearen arteko loturak ikertzen dabil eta argazkiak pintura-asmoagaz manipuletan ditu. Haren artelanean beti antzeko diskurso-gaiak azaldu arren, momentu honetan interes handia dau materialtasun bi horreen arteko hesia ezabatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu