Innovation Tree eta Polykey Polymers, Toribio Echevarria 2021 saridunak
2021-07-23 12:23 KultureaFesia Technology-k jaso dau Internazionalizazino Saria.
Ondoko startup-ek Innovation Tree-k, Idea/Proiektu Enpresarialak kategorian eta Polykey Polymers-ek, Enpresa Barria kategorian irabazi ditue sari nagusiak Toribio Echevarria Sariak-Ekintzailetza Barritzailea Euskadi Sariak 31. edizinoan; ekimen biek energiaren eta ingurumenaren jasangarritasunaren sektoreakaz lotutako jarduerak jorratzen ditue. Sariotan protagonista izan diran gainerako enpresak Fesia Technology, Fokus eta Lean Stocks dira eta Internazionalizazino Saria eta Eibarko Udalak deitutako aparteko sari biak jaso ditue. Eurekaz batera, AIBE Mecánica de Precisión enpreseak Iñaki Goenaga saria jaso dau.
Enpresa irabazleek ezin izan dabe Euskadiko ekintzailetzearen, enpresearen eta hezkuntzearen arloetatik urtero bertaratzen diran ordezkariakaz batu, izan be, pandemiaren aurrean hartutako neurri sanitarioek mugatu egin dabe enpresa parte-hartzaileen eta erakundeetako ordezkarien asistentzia. Gainerako gonbidatuek pantailetatik jarraitu ahal izan dabe ekitaldia, Eibarko Coliseo Antzokian Internet bidez emon baita, Eibarko Udalaren YouTube kanaletik.
Startup eta enpresa saridunak bat etorri dira adierazotean sari honeek bultzadea dirala jarduerakaz aurrera jarraitzeko, batez be ikuspegi ekonomiko eta sozialetik azken urte eta erdi honetan bizitakoa lako testuinguru larrian.
Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak Toribio Echevarria Sariak sustatzen ditue ekintzaileen lana autortuo eta ekintzailetza barritzailea eta proiektu enpresarial barrien sorkuntzea bultzatzeko. Edizino honetan 22 hautagaitza jaso dira, osasunaren, elikadurearen, energiaren, jasangarritasunaren eta IKTen sektoreetan dabizenenak.
Sariok emoten hasi ziranetik 700 ideia eta proiektu enpresarial baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizinoetan saritutako ekimenek 40 miloe euro inguru inbertidu eta 800 lanpostu baino gehiago sortu ditue, gehienak goi-mailako kualifikazinokoak.
Idea/Proiektu Enpresarialak eta Enpresa Barria kategorietako sarien diru-kopurua 10.500 eurokoa da eta laguntzea, prestakuntzea eta aholkularitzako hainbat programatara emoten dabe sarbidea. Internazionalizazinorako laguntzeagaz saritutako enpreseak be dirulaguntzak eta aholkularitzea jasoten ditu bere garapen-prozesuari beste herrialde batzuetan ekiteko. Eibarko Udala aparteko sarien diru-kopurua 10.500 eurokoa da eta prestakuntza espezializaturako sarbidea emoten dabe BIC Gipuzkoaren bitartez.
Gipuzkoako diputadu nagusi Markel Olano, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia eta Eibarko alkate Jon Iraola izan dira ekitaldian. Euren jardunean bat etorri dira azpimarratzean idea eta proiektu barriek daben balioa, ekintzailetzarako gaitasuna eta horrek dauen eragina enpresa sarea eraldatzean, ziurbakotasuna nagusi dan momentuan.
Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako ekimena dira eta bertan parte hartzen dabe Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea Departamentuak. Gainera, ondoko laguntzaileak ditue: Gipuzkoako Ganbera, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburuen alkarteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!