Martin Ugalde gogoan, Urmugan

Bizkaie! 2021-07-23 08:37   Kulturea

Mendi Gidari Alkarteak eta Et Incarnatus Orkestreak atondutako Urmugeak be gogoan izango dau euskaltzale andoaindarra.



Garagarrilaren 13an hasitako Urmugea mendi ibilaldi musikatuan, Martin Ugalde idazle eta kazetaria gogoratzeko ekitaldia egingo da, haren jaiotzearen urteurrenaren harian.

Martin Ugalde hil zala ehun urte bete diran honetan, Mendi Gidari Alkarteak eta Et Incarnatus Orkestreak atondutako Urmuga ekimenak be gogoan izango dau euskaltzale andoaindarra.

Mendi ibilaldi musikatu bat da Urmugea, natura eta gizakia musikearen bidez hartu-emonetan jarteko. Garagarrilaren 13tik 31ra, 19 egunetan osotuko dabe mendebaldetik ekialdera zeharkaldia oinez, Angulo portutik Hiru Erregeen Mahaiaraino, espedizinoan mendizaleak eta musikariak bat eginik. Bertako tontor, leku eta herri esanguratsuenetara musikea eroan eta Urmugearen inguruko personak eta herriak alkarregaz hartu-emonetan jarriko ditue.

Garagarrilaren 25ean, domekan, Urkiaga eta Ibañeta mendien arteko ibilaldia egingo dabe parte-hartzaileek eta egun horretan, Andoainen izango dan musika ekitaldian, Castillo Suarez idazleak Ugalderen omenez idatzitako testua irakurriko dau. Urmugeak keinua egin gura izan deutso Martin Ugalderi, jaio zanetik mendeurrena beteko dan urtean eta bat egin dau Martin Ugalde Kultur Parkea beste hainbat eragilegaz atontzen dagoan mendeurreneko ekitaldiakaz. Musika ekitaldia Leitzaran Bixitarien Etxearen ondoan izango da, 18:00etan.

Oraintxe, eta abuztuak 27a bitartean, kazetari eta idazle andoaindarrari eskainitako erakusketea zabalik dago Donostiako Koldo Mitxelenea Kulturunean eta ondoren, urriaren 7tik 27ra, EHUk Bilboko Bizkaia Aretoan izango dau ikusgai; zemendiaren 5etik abenduaren 4ra, barriz, Andoaingo Bastero Kulturunean egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu