29. Euskal Encounter presentziala izango da aurten
2021-07-21 08:30 KultureaTeknologia barrien zaleak BECera bueltauko dira, garagarrilaren 22tik 25era.
Aurrez aurrekora bueltauko dan era horretako lehen topaketea izango da Euskaltel Fundazinoak atondua Espainian eta koronabirusaren kontrakio segurtasun neurri zorrotzakaz gauzatuko da, baita ohiko edukierearen murrizketa handiagaz be, % 10era mugatu dabelako partaidetzea.
Aurten, 540 ordenagailu hartuko ditu eta 2019an 5100 makina batu zituan 5. pabilioiak.
Edukierearen murrizketa garrantzitsuari eta garbitasun, aireztatze zein urruntze neurriei esker, topaketaz lasaitasun osoz gozau ahal izango dogu, Euskaltel Fundazinoko zuzendari eta lanpartyaren koordinatzaile Sabino San Vicenteren esanetan: Ospakizun presentzialetara bueltetako lehen pausua da hau. Urte eta erdiz partyak online egin ostean, Encounterren deskonfinamendu prozesuari ekiteko aukerea ikusi dogu eta helburua normaltasunera bueltetea da, apurka-apurka eta egoereak eskatzen dituan zuhurtasun, neurri eta murrizketa danakaz, adierazo dau San Vicentek.
Gainera, ohiko party presentzialen mailako egitaraua atondu dabe, dozenaka lehiaketa eta jarduerakaz betiko ataletan: sormen digitala, hardwarea, programazinoa eta bideo-olgetak.
Bilboko Azkuna zentroan egindako prentsaurrekoan, Iruri Knörr Euskalteleko Marketin Digitaleko arduradunak azpimarratu dau betiko ilusinoagaz ekingo deutsola Euskaltelek aurtengo edizinoari. Ziur gagoz segurtasun neurriek eta parte-hartzaileen erantzukizunak edizino historiko batez gozetako aukerea emongo deuskuela eta Euskaltelek eskainitako konektibidadea izango da bilkurearen indarguneetako bat, izan be, segundoko 60 gigabiteko konexinoari esker, Espainiako topaketa azkarrena bilakatu da. Horrezaz gan, aurten ahalegin berezia egingo daogu ingurumenaren alde, energia-konsumoa murriztuz eta hondakinak gaika batzen lagunduko daben neurriakaz.
Bestalde, Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzearen zuzendariak, komunidade digitalaren hitzordua atondu izana txalotu eta prestakuntza- eskaintzea azpimarratu dau: Garagarrilaren 22tik 24ra, gai espezializatuei zein interes orokorrekoei buruzko berbaldi eta tailerrak izango dira online interesa dauen edonorentzat. Danetara, 28 saio egingo dira gai askoren inguruan: bideo-olgeten diseinatzailearen rola eta sektore horretako ekintzailetzea, kriptomoneten munduan sortzen dagozan iruzur-muetak, adimen artifizialaren aplikazinoak eta zibersegurtasuna hainbat arlotan. Saio horreek zuzenean ikusi ahal izango dira Euskal Encounterreko Youtubeko kanalean eta partyaren nondik norakoak Twitch bidez jarraitu ahal izango dira Encounter TV programeari esker.
Talde teknikoa hitzordu handirako prestaketa-lanak amaitzen dago: Euskaltel eta Eusko Jaurlaritzea (SPRI) babesle dituan ekimenaren helburu nagusia parte-hartzaileen arteko alkarlana sustatzea izango da, izan be, Encounterrak ezagutza teknologiko askotarikoak eta osogarriak dituen personen topagune dira eta ikasteko nahiz erakusteko gogotsu datoz, gainera. Testuinguru horrek proiektuak eta enpresak garatzen laguntzen dau eta, beraz, kontaktuak egitea eta ezagutza-trukea erraztea da gure helburua, sektore honetako ekintzailetzea suspertzeko, jakinarazo dau Sabino San Vicentek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!