V. Open House Bilbon, urriaren 16an eta 17an

Bizkaie! 2021-07-20 13:37   Kulturea

Arkitekturea eta urigintzea ardatz dituan jaialdia da.



Aurten be, Bilbok bat egin dau Open House Worldwide Nazinoarteko Sarea osotzen daben 45 uri baino gehiagogaz, arkitekturearen eta urigintzearen arloan bikaintasuna zabaltzeko eta defendiduteko.

Igaz egin zan moduan, antolatzaileen kontrol-gaitasuna handitzeko eta programautako espazioetan eta jardueretan segurtasun-maila handiagoa bermatzeko, Bilbora mugatuko dira edegiko diran eraikinak, izan be, aurtengo edizinoan osasun egoereak sortutako errealidadeari helduko jako barriro eta, horretarako, beharrezko neurrietara egokituko da.

Aurten, publiko zabal eta askotarikoarengana heltzeko pentsatutako jarduera-programa baten bidez, hausnarketea planteauko da uriek osasuna eta ongizatea hobetzeko daben erronka handiari buruz. Uriak eredu inklusiboagoetara, seguruagoetara eta jasangarriagoetara doaz, personak diseinuaren erdigunean dagozan bitartean, bizimodu osasungarriak erraztuz eta jarduera fisikoa egitea eta oinez edo bizikletaz joatea sustatuz.

Aurreko edizinoan, uriko espazio publikoetara egindako bisitak batu ziran programara eta bisitarien harrera onaren ondoren, aurten leku gehiago hautatu eta bisitauko dira, hainbat alderdi aztertzeko aukerea emango dabenak, azpiegitura berdea, uri-erresilientzia, erabilera sozialak eta mobikortasun osasungarria.

Era berean, diseinuan eta eraikuntzan kontzientzia ekologikoa erakusten daben obrak eta proiektuak balioetsiko dira, autosufizientzia energetikoa eta material jasangarriak lako gaiak txertatuz.

Gai honen helburua pentsamendu kritikoa sustatzea da, espazio publikoan zelan mobiduten eta zelako hartu-emonak ditugun kontuan hartuta, ezagutza eta kontzientzia emoteko eta uriari, bertako espazioei, plazei eta kaleei buruzko hausnarketa kolektiboko prozesua bultzatzeko. Esangura horretan, kultur programa zabala diseinau dabe eta bertan, barriro be, espazio eta obra arkitektonikoen hautapen landua eta jarduera arkitektoniko-kultural espezializatuen sustapena azpimarratuko dira, publiko zabal eta askotarikoari zuzenduta.

Aurten, gainera, Autore bisitak izango dira programan eta proiektu eta espazioen diseinatzaileakaz bisitak egiteko aukerea egongo da.

Espazioen kopurua, taldeen tamaina –baita bisitetan eta jardueretan aldez aurretik izena emon behar den ala ez– osasun egoerearen bilakaeraren araberakoa izango da.

Bolondresak

Ehunka lagunen konpromisoari, inplikazinoari eta parte-hartzeari esker egiten da jaialdia. Igaz, egoera berezia izan arren, 350 persona inguruk hartu eben parte boluntario modura.

Aurten parte hartu nahi dauenak www.openhousebilbao.org webgunean emon leike izena. Bolondresen programeari buruzko edozein argibide nahi izan ezkero, posta elektronikoaren bidez egin daiteke: boluntario@openhousebilbao.org

Atontzaileak

Open House Bilbao OUT alkarteak diseinau eta atondutako eta Bilboko Udalak babestutako ekitaldia da; OUT irabazi-asmorik bako alkartea da, bertokoa, uri-barritzean, arkitekturan eta herritarren parte-hartzean interesa daben arkitekto gazteek eratua.

Aukera ederra herritarrek euren uriaren gorabeherak ezagutzeko arkitekturearen eta urigintzearen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu