Gernikako Batzar Etxean bisitak erreguletako sistema digitala aurkeztu dabe
2021-07-19 12:41 KultureaAforoa kontroletako aukerea be egongo da.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak, Gernikako Batzar Etxea bisitetako sarbidea online kontroletako sistema bat instalau dau; gaurtik aurrera erreserbak online egin daitekez eta bihartik aurrera Batzar Nagusietako egoitzea bisitetea erabagiten dabenek QR kodea daukan online sarrera bat eskuratu beharko dabe, ezelako kostu barik, Batzar Etxeko gune interesgarrienetara sartzeko. Helburua, lurraldeko arkitektura-moltso bisitatuenetako bat dan foru egoitzearen barruan personen joan-etorria antolatzea eta aforoa mugatzea da.
Sarbide-sistema elektroniko barriak Bizkaiko Batzarretara sartzen diran persona kopurua eta barruan egiten daben denporea kontrolauko ditu. Bisitariek gehienez 45 minutu izango ditue bisitea egiteko; era berean, orduko 22 lagunentzako mugea egongo da eta noranzko bakarreko ibilbide batek ordenauko dau personen joan-etorria foru egoitzearen barruan; ibilbide hori osoko bilkuren aretoan hasi eta Gernikako Arbolan amaituko da, Batzar Nagusietako beste instalazino batzuetatik igaro ostean (Beiratearen Aretoa, liburutegia, lehendakariaren bulegoa...).
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak aurkeztu dau gaur goizean tiketing sistemea eta, azpimarratu dauenez, pandemiak foru egoitzako gune batzuk zarratzea eragin dau, osasun arrazoiakaitik. Pandemia indarrean egon dan denpora hori baliogarria izan da sarbide-formula bat zehaztu eta instaletako, izan be, Bizkaiko hirugarren esparru historiko-kultural bisitatuena da, Guggenheim eta Arte Eder museoen atzetik. Bisitarientzat erosotasun eta segurtasun plusa izango da.
Sartzeko tiketa Batzar Nagusien webgunearen bidez (https://jjggbizkaia.eus/es/gernika/solicitar-cita) eskuratu ahal izango da hemen edo foru-eraikinaren sarreran bertan dagoan totem batean. Batzar Etxearen barruan be informazino-panelak eta QR kodeak instalau dira, aretoen eta ondare-elementuen azalpen zehatzakaz. Bost hizkuntzatan konsultau ahal izango dira (euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez).
Sistemeak Gernikara hurreratzeko eguna eta ordua aukeratzeko aukerea emongo deutso bisitariari, Datuak Babesteko Legeak ezarten dauen moduan tratauko diran datu personal batzuk sartu ostean. Banakako edo taldeko sarrerea, papelean inprimiduta edo gailu mobikor batean deskargauta, daben personek, aukeratutako orduko lehenengo 15 minutuetan joan beharko dabe hitzordura, sartu gura badabe. Joaten ez badira, sarrerea libre geratuko da beste persona bat sartu daiten.
Gernikako Batzar Etxea
Bizkaiko eraikin bisitatuenetako bat da. 2019an, erregistro osoa egin zan azkenengo urtean, 162.675 personak bisitau eben Euskadiko demokraziaren eta askatasunen sinboloari babesa emoten deutsan Gernikako Arbolea, hau da, aurreko urtean baino % 7,2 gehiago. Bisitarien heren bat atzerritarrak izan arren, gehienak beste autonomia erkidego batzuetakoak izan ziran, batez be Kataluniakoak (19.123), Madrilgoak (15.286) eta Andaluziakoak (11.812). Bizkaiko Batzar Nagusiak euskal herritarren artean be erakargarriak dira, ia 30.000 sarrera lurralde historikoetakoak izan ziralako. Esan daiteke urte horretan Bizkaia bisitau eben hamar turistetatik bat (1.613.185 sarrera, Bizkaiko Aldundiaren Turismo Behatokiaren arabera) Gernikako Batzar Etxera joan zala eta horrek gure Batzar Nagusien egoitzak jentea erakarteko dauen ahalmen handia erakusten dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!