Bilbok bisita turistiko interesgarriak atondu ditu
2021-07-15 09:56 KultureaGaragarrilean eta abuztuan, astean lau aldiz izango dira.
Bilboko Udalak ibilbide bi aurreikusi ditu: Alde Zaharra, uribilduaren jatorria ezagutzeko eta Zabalgunea-Abandoibarra, Bilboko eraldaketa urbanistikoa miresteko.
Nahitaezkoa da aldez aurretik erreserbea egitea, 94 479 57 60 telefono-zenbakira edo posta elektroniko honen bidez (informacion@bilbaoturismo.bilbao.eus); maskarea erabiltzea derrigorrezkoa izango da ibilbide osoan zehar.
2020ko bagiletik eskainitako zerbitzu hori indartzea erabagi dau Udalak uda honetan, mobikortasun-murrizketak amaitu diranean eta Eusko Jaurlaritzeak baimendutako edukierak handitu ostean. Esangura horretan, astean lau aldiz egingo dira bisitak (martitzen, eguen, zapatu eta domeketan), gehienez 20 personako taldeakaz.
Turismoa berraktibetan doan neurrian, parte-hartzaileak ondoko lekuetatik datoz: Andaluzia, Asturias, Balearrak, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Valentziako Erkidegoa eta Madril. Era berean, nazinoarteko turisten artean Frantzia, Erresuma Batua, Suitza eta Mexikotik etorritakoak dira nagusi.
Gidari profesionalek eskainitako jarduera honek balorazino oso positiboak jaso ditu Bilboko turismo-bulegora datozen eta uribildua ondo ezagutu nahi daben erabiltzaileen aldetik; ibilbide bi dagoz aukeran: Alde Zaharra eta Zabalgunea-Abandoibarra.
Alde Zaharreko ibilbidearen bidez Erdi Aroko Bilbo zelakoa zan ikusiko dogu, harriz egindako kaleak, xarmaz beteriko kantoiak, plazak eta txokoak, uribilduari hazten lagundu eutson merkataritza eta portu jarduketa indartsuaren lekuko. Harresiak, Santiago Katedral gotikoa, Plaza Barria, San Anton eleiza enblematikoa eta Erriberako Merkatua. Horreek guztiak historiaren 500 urte baino gehiago batzen ditue eta denporeak aurrera egiten ez dauela emoten dauen uriaren bizia erakusten deuskue. Ibilbide hori eguen, zapatu eta domeketaan egin daiteke, goizeko 10:00etan.
Bestalde, Zabalgunea-Abandoibarra ibilbideak Bilboren uri garapena eta arkitekturea erakusten ditu, XIX. mendetik gaur egunera arte. Begirada bat tradizinoa eta abangoardia erakusten dituen uriaren bihotzera. Zabalgunetik eta Abandoibarratik ibilteak Bilboren espiritu ekintzailea topetea da, aire zabalean dagoan arkitektura eta eskultura museo batez gozetea, Bilbok beti izan dauen etorkizunerako jarrerea erakusten deuskuna. Ibilbide hori martitzen, zapatu eta domeketan egiten da, eguerdiko 12:00etan.
Bisita gidatu guztiak Plaza Biribileko Turismo Bulegoan hasiko dira eta hiru hizkuntzatan egin daitekez aldi berean (euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez), 90 minutuko iraupena dabe eta 4,5 euroko prezioa bisita eta persona bakotxeko.
Nahitaezkoa da aldez aurretik erreserbea egitea telefono honen bitartez 94 479 57 60 edo posta elektronikoz informacion@bilbaoturismo.bilbao.eus. Ibilbide osoan zehar maskarea erabili behar da.
Azken buruan, bisita gidatuez gan, bisitariek beste hainbat aukera interesgarri izango ditue udan, besteak beste, bizikleta gainean egindako bisita gidatuak, piragua-ibilbideak eta itsasadarra zeharkatzeko ontzi-ibilaldiak, autobus turistikoa, tour gastronomikoak, eraikin enblematikoak ezagutzeko bisita gidatuak edo Artxandatik Bilboko ikuspegiez gozetea, funikularrean igon ondoren. Hona hemen jarduera horreei buruzko informazino gehiago: www.bilbaoturismo.net
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!