2021eko Augustin Zubikarai Nobela sariaren oinarriak prest dagoz
2021-07-13 12:52 Kulturea2021eko urriaren 31 arte bialdu daitekez proiektuak: mrey@ondarroa.eus
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kulturea aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria atontzen dabe, nobelak sortzeko bekatzat hartzen dana, ondorengo oinarrien arabera:
Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu daitekez, jatorrizkoak eta euskeraz sortuak, beste inondik moldatu bakoak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez diranak.
Beka hau behin irabazten dauenak ezingo dau barriro parte hartu.
Parte-hartzaile bakotxak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
a) Landu nahi dauen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki eretxitako ezaugarriak zehaztuz, besteak beste, argumentua, egiturea, luzerea eta estiloa.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osotzen dauena.
c) Eskaneauta, egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiria (Egileei buruzko informazinoa Udalak gordeko dau erabagia hartu arte eta epaimahaikoek ez dabe jakingo hareen barri). Beraz, egileak ez dau bere nortasuna agirian ipini leiken ezer idatziko ez laginean ez azalpenean (bialduko dauen artxibategietako ezaugarrietan be ez). Baztertu egingo dira hori beteten ez daben hautagaiak.
Kontuak kontu, 2021eko urriaren 31 arte bialdu daitekez proiektuak: mrey@ondarroa.eus
Epaimahaia
Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta horreen arteko bat izentauko dau irabazle 2021eko zemendiaren 30a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar ainako kalidaderik ez dabela pentsau ezkero, bekea emon barik itxi leike epaimahaiak.
Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko deutso irabazleari era honetara: bekearen diru-kopuruaren erdia, irabazle izentau ondoren eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan.
Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazoteko. Luzerea aldez aurretik zehazten gatxa bada be, liburua osotzeko bestekoa izan beharko dau: 150.000 karaktere gitxienez. Tarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango baleu, epaimahaikoei jakinarazo beharko deutse aldaketaren barri eta hareen onespena jaso. Horrezaz gan, lanaren martxaz jakinaren gainean izango ditu antolatzaileak.
Idazleak bere lana entregauko ez baleu, edo idazlan horren izakerea eta kalidadea, epaimahaikoen eretxiz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak bueltau egin beharko dau jasotako dirua.
Bekea jasotako idazlanaren jaubetzea egilearena izango da baina lan horrek ezingo dau beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzearen aurretik ezta ondoren be, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko dau idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan pagauko deutsoz egileari. Epaimahaiak onespena emoten dauenetik hiru hileko epean kaleratu beharko da liburua eta bertan bekearen aitamena egingo da nahitaez.
Beka-deialdi honetan parte hartzeak oinarriak ontzat emotea dakar eta horreen ulermenean dudarik balego, antolatzaileei jagoke erabagitea.
Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketea izan da
2010. urtean, barriz, nobelak sortzeko beka bihurtu zan eta ordutik, ondokoak izan dira lan irabazleak eta egileak:
- 2010– Josean Agirre: Zwei Frauen (Bi emakume).
- 2011– Itxaso Araque: Damutzen ez direnak.
- 2012- Garbiñe Ubeda: Hobe isilik.
- 2013- Garazi Kamio: Orube abandonatuak.
- 2014- Jasone Osoro: 12etan bermuta.
- 2015- Miren Gorrotxategi: 33 ezkil.
- 2016- Katixa Agirre: Amek ez dute.
- 2017- Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz.
- 2018- Eneko Barberena: Afrikanerrak.
- 2019- Idoia Garzes: Mendiko gaitza.
- 2020- Lander Garro: Faith.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!