KALEKA ezohikoenak jarduera zoragarriak eta aforo beteak itxi ditu
2021-07-13 08:23 KultureaDatorren urtean, ohiko formatuan antolatzeko asmoa dago.
Lekeitioko 31. KALEKAk azken urteetako jaialdi ezohikoena itxi deusku bizi dogun osasun egoerearen ondorioz. Egoerak egoera, igazko hutsunea eta gero, aurten jaialdia ospatzeko aukerea izan da eta ikusleen artean erantzun bikaina izan dau, sarrera guztiak agortuz. Giro ederra eta harrera parebakoa eta eguraldia be lagun izan da hiru egunetan, garagarrileko egun eguzkitsuenak jaialdian izan baititugu.
Garagarrilak 9
Aurten Scratch atalagaz ekin jako jaialdiari, hau da, garapenen edo sorrera prozesuan dagozan lanak batu dituan alorra. Bertan Madrilgo Máximo Óptimo konpainiaren Mínimo Pésimo ikuskizuna izango da, sarrera ia guztiak agortuta, Abaroa jauregiko lorategia bete betea izan da artista honen umore zirikatzaile, bizkorra eta ekintza arriskutsuak ikusteko. Atal Ofiziala zabaltzeko ardurea Gaztela eta Leonatik etorritako Tiritirantes Circo Teatro konpainiaren Ulterior el Viaje lana izan da eta dragoi ikusgarri eta protagonista bitxiek ikusleak ahoa zabalik itxi ditue. Bariku gaua amaitzeko, Kataluniatik David Moreno Cía & Cristina Callejaren Flotados ikuskizun ederra eta sakonaz gozetako aukerea egon da, 8 metrora altzatutako piano baten bidez euren mundu bitxiko ateak edegi deuskuez.
Garagarrilak 10
Bos ikuskizunez gozetako aukerea izan da. Goizean Mireia Miracle Companyren Rojogaz bikain pasau dogu, gure bihotzetako ateak edegi dituan ikuskizun ederrari esker. Arratsaldean, Gaztela eta Leonetik Producciones Sansegundoren La Máquina ikuskizun misteriotsua izan da protagonista, 8 saiotan banatuta ezinezko bidaien magia hurreratuz. Jarraian Kataluniatik Mortelo & Manzaniren Fili Bustersen abentura zoro eta arriskutsuak ahoa zabalik itxi ditu ikusleak. Gauari hasierea emateko, Aragoitik Teatro la Cosa etorri jaku, Fuoco Risorto jantza koreografikoak, hanka paluak eta suaren gerlariakaz suaren berpizkundea ikusi dogu eta, egunari amaierea emoteko, Valentziar erkidegotik NUC konpainiaren Aigua ikuskizuna, estruktura erraldoi eta aire akrobazien bitartez urak gure planetan dauen garrantzia azaldu deuksue ikusleak zurtz eginda itxi dituan saio ederragaz.
Garagarrilak 11
Jaialdiaren azken egunean lau ikuskizun nabarmendu daitekez: Goizean Haatik Jantza Konpainia euskaldunaren Lau Eme jantza ikuskizuna izan dogu bere jokabideakaitik gizarteak epaitutako emakumeen istorio polita. Arratsaldean, Urdaibaiko Txitatoki Zirko Eskolaren zirku tailer edegiak izan genduzan, eskolako ikasleen erakustaldia eta zirku tekniken tailerra publikoaren eskura jarri dau. Ikusleen parte hartze handiak giro ederra sortu dau eta ondoren, Txiletik Mr Copini konpainiaren The Herock ikuskizunak inprobisazinoa, teknikea eta umore ona buztartuz, energia eta trebetasun harrigarriak erakutsi deuskuz, nazinoartekotasun izakerea izan dauen ikuskizunean. Eta 31. edizio honi amaierea emateko, Valentziar erkidegotik Visitants konpainiaren Olea izan da nagusi. Gerreak lurra astindu ondoren emakume bik bizitzeari iraunkortasuna emoteko burrukea azaleratu dabe suagaz olgetea bideratuz. Duda barik KALEKAri amaiera ederrena emoteko ikuskizuna izan da, ikusgarria eta gogoeteara eragin dauena.
Atontzaileak oso pozik adagoz eta ezohiko jaialdia izan bada be, erantzun bikaina izan dau ikusleen artean eta edade guztietako publikoa erakartea lortu dau. Era berean, KALEKAren oinarrietan dagoan parte-hartzea bideratu eta ikuskizun ezbardinetan zehar eta, batez be, zirku tailer edegian, publikoa parte-hartzaile bilakatuz. Datorren urtean, ohiko formatuan antolatzeko asmoa dago eta barriro be Lekeitioko kaleetan zehar kale arteak erakustekoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!