Santanderrek, Bilbok eta Logroñok 'Bertatik Bertara 2021' laguntzen deialdia edegi dabe

Bizkaie! 2021-07-09 10:39   Kulturea

Kultura-eragileek abuztuaren 9ra arteko epea dabe proposamenak bialtzeko.

Santander, Bilbo eta Logroñoko udalek Bertatik Bertara 2021 kultura-laguntzen deialdia edegi dabe, 75.000 euroko zuzkidureagaz. Helburua da hiru urietako enpresa, alkarte eta kultura eta sorkuntza-eragileek proiektuak alkarregaz jorratzea eta, beraz, proposamen barriak gehitzea euren programazinoetan.

Danetara sei proiektu hautatuko dira eta bakotxak 12.500 euroko aurrekontua izango dau. Ekimenak 2021. urtean egin beharko dira eta gainera, barriak izateaz gan, gitxienez hiru urietatik bitako kultura-eragileren arteko alkarlanaren emoitza izan beharko dabe baina hiru urietako eragileek bultzatutako proposamenak be kontuan hartuko dira.

Uriburu bakotxak 25.000 euro jarri ditu deialdirako; danetara, 75.000 euro dagoz dirulaguntzatarako. Hiru urietako ordezkariek osotutako Balorazino Batzordeak aukeratuko ditu proposamenak eta proiektuen kalidadea, interesa, bideragarritasuna eta barrikuntzea ebaluauko ditu.

Era berean, kontuan hartuko da uri bi edo hiruretako profesionalen artean lan-sareak sortzeko gaitasuna, proiektua bitan edo hiruretan garatzea, finantzaketa osogarria eta zenbat herritarrakana heldu daitekezan proiektuak.

Era berean, aukeratutako proposamenek hiru urien artean hartu-emon egonkorrak izango dituan kulturako sektore profesionala sortzen, jarraipena emoten eta aberasten lagundu beharko dabe, bai eta hiru urietako kultur programazinoa aberasten eta kulturearen eta sortzaileen arloko profesionalen, enpresen eta bestelako erakundeen artean lan-sareak martxan jarten be.

Interesa daben kultur eragileek www.santandercreativa.com helbidean topauko ditue deialdiaren oinarriak eta eskabidea. Laguntzok jasoteko epea abuztuaren 9ra arte egongo da zabalik eta dokumentazino guztia helbide honetara bialdu beharko da: info@santandercreativa.com.

Deialdira aurkeztu daitekez Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emonda dagozan profesionalak eta enpresak edo bestelako erakundeak, euren forma juridikoa edozein izanda be, kultura-ondasunak sortzen, produziduten, banatzen eta merkaturatzen ibilten badira, euren jarduerea hiru urietako batean egiten badabe eta ez badira toki-erakundeei, toki-erakunde autonomoei edo tokiko enpresa-erakunde publikoei atxikitako merkataritza-soziedadeak. Kultur proiektuak uri bietako kultur eragilek edo hiru urietako hiru kultur eragileek aurkeztu ahal izango ditue, bakotxetik bat.

Kulturea, danon interesa

Joandako apirilean, Logroñoko Udala Bilbokoagaz eta Santanderrekoagaz batu zan, kultura-jarduerak alkarregaz lantzeko Bertatik Bertara programearen esparruan. Bizkaiko uriburuak eta Kantabriakoak 2012an sinatu eben hitzarmena.

Logroño sartu ondoren, beste lankidetza-etapa bat hasi da, hiru uriek helburu estrategikoen artean dabelako kultura aberastasun-iturri izatea maila ekonomiko eta sozialean.

Santanderrek, Bilbok eta Logroñok politika kulturaletan lankidetzan jarduteko asmoa dabe, kulturea konsumiduten daben herritarrei mesede egiteko eta hiru urietako kultur enpresa eta sortzaileentzat aukera barriak sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu