Bilboko Arte Eder Museoak Agustín Ibarrolaren (Bilbo, 1930) 'Guernica' erakutsiko dau
2021-07-09 10:04 KultureaGuernica murala 300,000 €-ko prezioan erosi da.
Euskal artearen eta pintorearen produkzinoaren obra nabarmen hori eskuratzea museoaren historiako jazoerarik adierazgarrienetako bat izan da.
Bilboko Arte Eder Museoak Agustin Ibarrolaren Guernica murala erosi deutso Madrilgo José de la Mano galeriari, 2021eko ARCOmadrid arte-azokan. Artisteak 1977 inguruan egin eban 10 metroko luzerea eta 2 metroko altuerea dituan obra hori, Pablo Picassoren Guernica lanaren (1937) omenez; sasoi haretan koadroa Gernikara ekartea eta bertan ezartzeko egindako museo barri batean jartea eskatzen eben artista eta intelektual talde baten erreklamazinoaren sinbolo legez.
Obrea sortu zan urte berean, Bilboko Arte Eder Museoaren areto Grisean ezagutarazo eben eta urte bi geroago barriro aurkeztu eben, kasu horretan Ibarrolaren estilo geometrikoko beste lan bigaz batera eta ohikoak zituan behargin eta fabriken gizarte-gaiakaz.
Laurogeiko hamarkadearen hasieran, museotik kanpo jarri eben ikusgai Guernica. Ordutik artistearen estudioan egon zan, Gametxon (Ibarrangelu, Bizkaia) dauen baserrian eta konserbazino-egoera ezin hobean dago. Orio-pinturan egindako hamabi mihise dira eta Picassoren obrearen motibo figuratiborik ikonikoenetako batzuk ditu irudikatuta, Ibarrolaren sormenezko unibersoaren berezko elementu batzuekaz batera, esaterako, diktadurako jazarpen-giroaren salaketea eta askatasunen aldarrikapena sinbolizetan daben burdin sare geometrikoak.
Bilboko museoak erosketa hori eginda, XX. mendeko euskal ondare artistikoaren obrarik garrantzitsuenetako bat berreskuratu da publikoarentzat. Lana, gainera, erakundearen historiagaz lotuta dago eta nabarmen aberasten dau Agustín Ibarrolak Museoaren bilduman dauen ordezkaritzea. Era berean, aukerea emoten deusku obra monumental hau ezagutzea sortua izan zan testuinguru artistiko eta sozialean eguneratzeko eta haren garrantzia ebaluetako, Museoaren Artxibategian konserbetan dan dokumentazinoaren bidez.
Guernica murala 300,000 €-ko prezioan erosi da, museoaren hiru erakunde sortzaileek –Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak– egindako ezohiko ekarpen bati esker. Lana eskuratzeak Ibarrolaren 1973 eta 1979 arteko margolanen bien dohaintzea eragin dau. Pintoreak 1979an museoaren areto Grisean egin eban erakusketarako sortutako muntaketa bereziaren parte dira koadro biak; erakusketeak Guernica bera eta urte horreetako beste obra batzuk zituan abiapuntu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!