'Ozeanoaren erroak' eskulturea Bilbora heldu da

Bizkaie! 2021-07-06 13:49   Kulturea

Jesús Lizasoren artelana Itsasmuseumen aurrean ipini dabe.

Lizaso, Aburto eta Ruigomez, eskulturearen ondoan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Itsasoko beharginei egindako omenaldia, Ozeanoaren erroak eskultura monumentala, Bilboko Itsadarraren ertzera heldu da, Itsasmuseumen aurreko zabalgunera. Euskaldunako dikearen ondoan egongo da ikusgai sei metroko piezea, ontzi zaharren, Carola garabiaren eta ponpa-etxearen artean, museoko beste pieza historiko batzukaz batera. 

2010ean egin eban Jesús Lizaso eskultureak Ozeanoaren erroak, Corten altzairua erabilita, eta artea gizarteratzeko helburua beteteko asmoz eroan dabe Itsasmuseumera. Bilboko Udalaren izenean, Juan Mari Aburto alkatea egon da aurkezpenean, Jon Ruigomez museoko zuzendariagaz batera. Betiko geratuko da Itsasadarraren alboan, handik pasetan diran herritarrek gozau deien.

Metro bi zabal dan oinarriaren ganean dago sei metroko eskulturea. Jarrera hieratikodun figura antropomorfiko bi agiri dira, arraunei eusten. Marinelak irudikatzen ditu obreak.

Jesús Lizaso (Barakaldo, 1961) Eskulturearen Euskal Eskola esan izan jakonaren parte da, izen handiko beste artista batzukaz batera (Basterretxea, Chillida, Ibarrola, Oteiza, Mendiburu...). Berezko estiloari eta begirada bereziari esker lekua egin dau euskal arte garaikidearen panoraman. Eskultura monumentalak ardatz, esperimentazinoan eta ikerkuntzan be ibilten da.

Leku publikoetan Lizasoren eskultura ugari ikusi geinkez gaur egun. Ganera, haren obrea nazinoarteko erakusketa eta biurteko garrantzitsuetan erakutsi dabe, adibidez, Chicagon, Madrilen, Tokion eta Estorilen. Florentziako Biurtekoan Urrezko Dominea irabazi eban. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu