Arte eszeniko barritzaileen topaleku izango da BBK Off

Bizkaie! 2021-07-05 10:36   Kulturea

Euskal artisten 14 proposamen aurkeztuko ditu jaialdiak Bilbon, garagarrilaren 11ra arte.

Arte eszenikoetan dabizan sortzaileei lagundu eta zirkuitu nagusietan lekua nekez egiten daben proposamen barritzaileak erakusteko asmoz, BBK Saleak jaialdi barria ipini dau martxan, BBK Off izenekoa. Aste osoan, hilaren 5etik 11ra, egongo dira saioak Bilboko Kale Nagusiko aretoan. 

Egitarau fresko eta askotarikoa atondu dauela dino BBK Saleak, euskal artisten sorkuntza apurtzaile eta ausartenei lekua egin deutse eta. 67 proposamen jaso dituen arren, horreetatik 14 ikusi ahal izango dira BBK Salan. Musikea, antzerkia, jantzea eta performancea dagoz programazinoan.

Ganera, dobako tailer bi antolatu ditue festibalagaz batera. Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzeak babestua, proiektu kulturalen bat martxan jarri nahi dabenentzat aproposa da. Diru-laguntzinoetan dagozan aukerak eta bakotxari komenidu jakona zelan eskatu azalduko deutse parte-hartzaileei. Beste ikastaroan proiektu kulturalen eragin soziala jorratuko dabe.

Ikuskizunei jagokenez, BBK Off zabalduko dauen taldea Behibis izango da, Trabajos de interior obreagaz, gaur, astelehena (19:00). Hurrengo egunotan, honeek ikusiko doguz oholtzan: Jon Ander Urrezti, Sally Rous, Kabia, Duo Olalla & Guilles, Amsia, Bagara Kolektiboa, Maite Aizpurua, Loida Gomez, Tepsis eta Zabala. 

Domekarako, azken egunerako, egitarau zabala gorde dabe: 12:00etan, Amaibono; 12:30ean, La Brecha, 13:00etan, Alaitz Cabriada; eta 18:00etan, Almudena Perez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu