Joko Olinpikoetara joango diran euskal kirolarien ordezkaritza bati harrerea egin deutse
2021-07-02 13:02 Kirola13 euskal kirolarik dabe txartela Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan lehiatzeko.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileak, Andoni Aldekoa Fundazinoko lehendakariorde eta EiTBko zuzendari nagusiak, Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Quiron Salud, Athletic Club eta Eibar SD babesleakaz batera, Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan lehiatuko diran kirolarien ordezkaritza bat agurtu dau gaur Faduran, Getxon.
Covid-19ak sortutako pandemiaren ondorioz mundu mailako kirol-hitzordu nagusienak urtebeteko atzerapena izan ondoren, Lehendakariak babesa emon gura izan deutse Japoniako uriburura joango diran kirolariei. Jokoen aurretik kirolarien osasuna babesteko sortutako burbuilek eta Euskaditik kanpo egin beharreko prestaketa eta kontzentrazinoek eragin dabe Lehendakariaren harrera murritzagoa izatea aurten. Getxon batu dira gaur Maialen Chourraut piraguismoko egungo txapeldun olinpikoa, Higinio Rivero parakanoistea, Iñigo Llopis ugerlari paralinpikoa, Clara Azurmendi badminton jokalaria, Rakel Mateo paratriatletea, Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea, Teresa Errandonea hesi-lasterkaria, Agurtzane Eguiluz errubera-aulkiko saskibaloi jokalaria eta Jorge Pineda arraunlari paralinpikoa.
Topaketan, Lehendakariak bere babesa eta konfidantzea helarazo deutsee Jokoetan parte hartuko daben kirolariei. Iñigo Urkulluren ustez, erreferente eta eredu dira gizartearentzat, batez be gazteentzat: "Goi mailako kirolean jardutea erabagi dozue, kasu askotan zuon ikasketakaz eta lanagaz buztartuz; sakrifizio, dedikazino eta konpromiso eredu zarie", gaineratu dau. Basque Teamen lana be azpimarratu dau, kirolariei lehia handiko probatan parte hartzea errazteko baliabideak emoteko propio sortutako fundazinoa: "Gure kirolarien errendimendua gero eta handiagoa da eta gure parte-hartzeak hobera egin dau kalidade eta emoitzei jagokenez. Gainera, emakumeen parte-hartzea gero eta handiagoa da eta bikaintasuna Joko paralinpikoetan be nabarmena”.
Ondoren, Lehendakariak, Basque Team Zentroko instalazinoak bisitau ditu (gimnasioa, kantxea, biomedikuntzako laborategia...). Bertan, Basque Teameko bekadunen eta goi-mailako euskal kirola eta udako eta neguko kirol olinpikoa eta paralinpikoa, bultzatzen dauen sistemako profesionalen azalpen guztiak jaso ditu.
Olinpiar Jokoak garagarrilaren 23tik abuztuaren 8ra jokatuko dira; Paralinpikoak, barriz, abuztuaren 24tik irailaren 5era. Oraingoz, 13 euskal kirolarik dabe plazea, baina oraindino 30 baino gehiagok dabe txartela lortzeko aukerea. Banakako hainbat kiroletan, oraindino epea edegita dago gitxieneko markak lortzeko edo munduko zerrendetan eragiten daben puntuak lortzeko. Bestalde, zenbait talde-kirolek -eskubaloiak, saskibaloiak, edo errubera-aulkiko saskibaloiak, esaterako- eta banakako beste batzuek – txirrindularitzeak, esaterako- laster iragarriko ditue federazinoek hautatutako jokalarien zerrendak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!