Hazibarri: musikea + jasangarritasuna

Bizkaie! 2021-07-02 10:17   Musikea

Gatibu eta Maren, garagarrilaren 15ean, Gernikako Europako Herrialdeen parkean izango dira.



Hazibarriren izenean, Leire Gordok eskertu egin ditu hurreratu diranak eta BizkaiKOA erakundea proiektuan sinisteagaitik, baita babesle eta laguntzaile guzti-guztiak be.

Garagarrilaren 15ean, Gernika-Lumoko Europako Herrialdeen parkeak ekitaldi berezia hartuko dau, akaso, Europako Herrialdeen parkearen 30 urteko historian (1991tik) era honetako lehenengoa izango da; erronka berezia antolatzaileontzat. Europako Herrialdeen Parkea edo Europa Parkea espazio lasaia eta naturala izan da beti Gernika-Lumon eta Hazibarri festibalak izakera horri eutsiko deutso. Ingurunea errespetau eta jagongo dauen kultur proposamena izango da Haziberri. Horregaitik, musika ikuskizunak atontzeko modu jasangarri eta barritzaileen bila ibili gara.

Era honetako kultur ekitaldietan sortzen dan zaborra eta zikinkeria gitxitu guran, hainbat neurri eta idea landu ditue eta horreetako bat ardi-ulezko jesarlekuak egitea izan da. Euskal Herrian miloe bat ardi dago eta ardi batek bataz beste 2,5 kilo ardi-ule sortzen dau urtero, danetara, 2500 tona inguru. Sasoi honetan, udeagaz batera, ardiei lanea ebagi eta ia guztia hondakintzat hartzen da. Sarritan, baserritarrentzat eta erakundeentzat arazoa izaten da artilea kudeatzea eta, beraz, artilea berrerabiltea pentsau genduan, izan be, artileak hezetasunetik isolatzeko gaitasuna dauka eta ikus-entzuleak gauez lurrean lasai jesarteko aukerea emoten digu. Pentsau eta egin, tona erdi artile eskuratu eta 500 jesarleku egin ditugu, artilea berrerabilitako zakuetan sartuz.

Guk ez dogu artilearen arazoa konponduko baina Hazibarri festibalak, kulturea egiteko modu jasangarriagoak jarriko ditu mahai gainean. Baliabide gitxiago erabiliz baina ikuskizunaren kalidadeari eutsiz, gure aztarna ekologikoa gitxituz, ingurunea jagon -bai natur ondarea bai personak- eta kulturgintzatik, ekonomia zirkularragoa egiteko pausuak emonez. Hau guztia posible egin daben persona eta erakundeak eskertu behar ditugu, baita artilezko 500 jeserlekuak egiten ibili diran lagunak: Iker, Lexuri, Xabi, Joseba, Jon, Garazi eta Pili eta Bego Urrutxua erretirautako jostunak, Biltegi enpresako Asier eta Jon Etxebarrieta be. Eskerrik asko Ander eta Joseba ardien eta artilearen kudeaketan laguntzeagaitik. Nabarmenduko ditut babesa eta laguntasuna eskaini deuskuen erakundeak; Gernika-Lumoko Udala, Urremendi Landa garapenerako alkartea eta Bizkaiko Foru Aldundia, Hazibarri festibala parkean egiten itxi eta ekitaldia babesteagaitik hasiera-hasieratik.

Gatibu eta Maren, garagarrilaren 15ean

Maren eta Gatibu taldeak formato akusikoan izango ditugu. Ikuskizun berezia atondu gura izan dogu eta, esangura horretan, kontzertuak bat egin behar dau espazioagaz eta ez alderantziz. Horregaitik parkearen formeak eta baliabideak festibaleko eszenatoki bihurtu nahi ditugu eta horretarako argi diseinu berezia
landu dogu. Gure helburuetako bat, gau horretan parkea espazio magikoa izatea da.

Kontzertua iluntzeko 21:00etan hasiko bada be, ateak 19:30ean edegiko ditue. Sarrerak eskuragarri egongo dira sortu barri dogun haziberri.eus atarian bariku honetako arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Egun horretan euria egin ezkero, garagarrilaren 16ra atzeratuko leukie kontzertua.

Leirek aitatu dauen lez, Hazibarri Zero Waste festibala izateko lanean gabiz, ikuskizunak eragin leiken zabor eta zikinkeria gitxitu eta ahalik eta jasangarriena izateko hainbat arlo landuz: papelezko komunikazino euskarririk ez da egongo.

Markel Urrutia gernikarrak egin dau kartelaren diseinua eta eskuz margoztu ditu oihalez egindako zenbait kartel.

Kontzertuan, tarte mugatuakaz, edarientzako barra bi egongo dira kontzertuaren gunetik bereizita. Barrak zura berrerabiliz egin ditue eta inguruko hornitzaile txikien aldeko apustua egin dabe: Boga artisau garagardao kooperatibeagaz Martzela garagardao izango da, garagardaoa berezi
hau Maruri-Jataben hazitako gariaz egiten da. Hasibarriak Wines, Urdaibaiko upategi txikiena be presente egongo da. Plastikozko edalontzien aurrean, beirari egingo jako lekua festibalean.

Aurten hazi barri bat erein dogu, hemen, gagozan lekuan eta datozen urteetarako hazi hori hazten ikusi gura dogu, landareak arbola bihurtzen eta Parkearen beste eremu batzuetara be eroan musika eta sorkuntza.

Aurtengoa ere COVID-ak markatako urtea da eta pandemiak hobera egin dauela emoten dauen arren, Hazibarrirentzat bertaratuko diran personen osasuna lehentasunezko lan arloak izango dira, administrazinoak momentuan ezarritako osasun eta segurtasun neurriak betez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu