Ikurrinea Buenos Aireseko Laurak Bat etxean jaso zaneko 100. urteurrena

Bizkaie! 2021-07-02 08:08   Kulturea

1921eko garagarrilaren 9an izan zan.

Kontuak kontu, Sabino Arana Fundazinoak eta Laurak Bat etxeak baterako ekitaldia atondu dabe Buenos Airesen eta Bilbon, urteurrena ospatzeko eta euskal diasporeak Argentinari nahiz Euskadiri historian zehar egindako ekarria autortzeko. Hitzordua 2021eko garagarrilaren 9an, barikuan izango da, 19:00etan, Sabino Arana Fundazinoan.

Ekitaldia streaming bidez eskainiko da Fundazinoaren webgunean, hemen.

Garagarrilaren 9an 100 urte beteko dira ikurriñearen historian eta euskal herritar guztiek ikurrinea hartu eben ikur erkidetzat. 1921eko garagarrilaren 9an, San Fermin jaien ospakizunagaz eta Argentinako Independentziaren Adierazpenagaz batera (1816), ikurrinea ipini eben Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean.

Sasoi haretan, Laurak Bat euskal diasporako gizarte, kultura eta aisialdiko erakunderik adierazgarriena izatea erabagigarria izan zan euskaldunek ikurrinea ikur bateratutzat hartzeko. Urteurren hori ospatzeko eta euskal diasporeak Argentinari eta Euskadiri historian zehar egindako ekarria autortzeko, Sabino Arana Fundazinoak eta Laurak Bat euskal etxeak baterako ekitaldia atondu dabe, aldi berean, Bilbotik eta Buenos Airesetik parte hartuta. Ekitaldian, ikurrinea jasoko da uriburu bietan. Ekitaldia barikuan izango da, garagarrilaren 9an, 19:00etatik aurrera. Argentinan, Jose Gabriel Anitua Laurak Bat euskal etxeko lehendakariak egingo dau berba eta euskal etxearen sorrerea eta historia azalduko ditu, bai eta euskal komunidadeak Hego Amerikan izan dauen garrantzia be.

Bilbon, Gorka Alvarezek, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunidadearen zuzendaria eta Oscar Alvarez Gila, EHUko Historian doktore eta Amerikaren Historiako irakaslea izango dira hizlari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu