'Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz' erakusketea gaur goizean inaugurau dabe Durangon
2021-07-01 13:48 KultureaErakusketea Durangon egongo da garagarril osoan.
Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz erakusketeak Durangon zarratuko dau lurraldean zehar egindako ibilbidea. Garagarrilean, bizkaitarrei Europako sistema parlamentario zaharrenetako baten aparteko garrantzi historiko, sozial eta kulturala erakutsi deutsen erakusketa ibiltaria Landako plazan egongo da.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak eta Ima Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkateak, Mahaiko Zigor Isuskiza Arana kideakaz eta udalerriko zinegotziakaz batera, Bizkaiko Batzarrek sustatutako erakusketea inaugurau dabe gaur goizean Landako plazan. Erakusketea Bizkaiko beste eskualde batzuetako herrietan egon da ikusgai, horreen artean Bilbon, Getxon eta Portugaleten.
Erakusketa ibiltaria Portugaletetik abiatu eta bere azken helmugara heldu da: Durangaldeko eskualdearen bihotzera. Bidaia hori beharrezkoa da XIV. mendetik erakunde hau lurraldeko gorabehera nagusien protagonista eta lekuko bihurtu dala adierazoten daben argudioak zabaltzeko.
Erakusketea formatu handiko 12 panelek osotzen dabe eta erakunde parlamentario moduan daukan eskumen-egitura zabala azaltzen dau, baita batzen dauen kultur ondarea be. Erakusketan ibilbide xumea eskaintzen da bere lau egoitzetako (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) eukietatik, Gernikako Batzarretzean zehaztasun handiagoagaz geldituz, Gernikako Arbolea demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren babeslekua dalako.
Erakusketea barriro inauguretako ekitaldian Ana Otadui Biterik azpimarratu dauenez, erakusketeak Batzarren betebehar parlamentarioan eta gordeten daben ondare kultural aberatsean sakondu gura dau. Persona askorentzat ezezaguna da, ordezkari politikoek (51tik 10 Durango-Arratiako barrutikoak dira) egunez egun gugan eragina daben erabagi garrantzitsuak hartzen dituan arren. Halanda be, badakigu gu garanaren eta egiten dogunaren ganean ezjakintasun handia dagola, gogorarazo dau Otaduik, eta horregaitik, kalera urtetako ahalegina egin dogu, Batzar Nagusiek beteten daben funtzino parlamentarioa eta gordeten daben kultur ondare aberatsa azaltzeko..
Beste alde batetik, Ima Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkateak, udalbatzako hainbat kidegaz batera, nabarmendu dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusiak lurralde honetan dagozan sensibilidadeak batzeko lekua dira eta, batez be, lurralde historikoetan doguzan elementu bereizgarriak dira. Durangaldean, Gerediagako Batzar Etxea daukagu, Bizkaiko Batzar Nagusien hiru egoitzetako bat, Gernika eta Abellanedakoagaz batera. Batzar Nagusien zeregina oso garrantzitsua da bizkaitarrontzat, bertan lurraldeko ahotsak irudikatzen diralako; horregaitik da hain garrantzitsua hareen historia ezagutzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!