Haritz Sardonek ACS Young Investigator Saria irabazi dau

Bizkaie! 2021-07-01 10:09   Pil-pilean

Polimeroen arloan egin dituan ikerlanakaitik emon deutse.

Haritz Sardon (argazkia: Polymat) | Ikusi handiago | Argazki originala

EHUko Kimika Fakultadean eta Polymat ikerketa institutuan egin dauen lanak emoitza bikaina ekarri deutso Haritz Sardon irakasle eta ikerlariari. Izan be, kimikearen arloan dabizan gazteentzat munduan emoten dan sari ospetsuenetako bat da ACS Young Investigator Award. ACS Macro Letters, Biomacromolecules eta Macromolecules aldizkari zientifikoen ekimenez antolatzen da sariketea.

Polimeroen arloan egin dituan azterlan eta aurrerapenakaitik hartu dau saria Sardonek. EHUk azaldu dauenez, polimerizazino organokatalizaduak, birziklatze kimikoa eta polimeroen upcyclinga dira ikerlariaren ikergaiak. Material polimeriko funtzional barriak preparau ditu polimerizazino jasangarrien bidez; adibidez, polimeroak birziklatzetik lortutako monomeroak, iturri barriztagarrietatik lortutako erreaktiboak eta arrisku gitxiagoko organokatalizatzaileak erabilita.

Sardonek berak dinoanez, polimeroen arloan ikertzaile gazteen kategorian jaso daiteken sari prestigiotsuenetako bat da ACS Young Investigator. Ganera, taldean egiten daben lanaren autorpena be badala uste dau, eta bide horri eusteko bultzadea: sari honi esker, gure taldearen lanak mundu osoan ikusgarritasuna izango dau.

Kimikan lizentziaduna EHUn eta polimeroen inguruko doktorego osteko egonaldia Kaliforniako IBM enpresan egindakoa da Haritz Sardon. Juan de la Cierva eta Ikerbasque bekak emon deutsiez. Polymat institutuan dabil lanean, Katalisi eta Polimero Jasangarriak Taldearen buru, baita EHUn be. 

ACS Young Investigator Award ez da emon deutsen lehenengo saria. 2020an Polimeroen Ikertzaile Gaztearen Bikaintasun saria jaso eban, eta 2021ean, Ikertzaile Gaztearen saria, Taldeko Lider kategorian. Sari biok Espainiako Kimikako Errege Alkarteak emoten ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu