Kalean da Idatz & Mintz aldizkariaren 70. zenbakia

Bizkaie! 2021-07-01 08:35   Kulturea

Narrazinoa, poesia eta Gernikako Arbola-ren bersino bat topauko ditu irakurleak.

Irakurle klase guztiak asetzeko asmoz plazaratu dau Labayru Fundazinoak Idatz & Mintz aldizkariaren 70. zenbakia. Literatureagaz lotutako eduki ugari topauko ditu irakurleak, laster 40 urte beteko dituan aldizkarian ohikoa dan lez. Azaleko irudia Enrique Morenterena da.

Narrazinoen atalean, Iratxe Ormatzaren Paketeak, Miren Agur Meaberen Ama pixelatua eta Lourdes Unzuetaren Efemerideak topauko doguz. Ganera, Bizente Barandiaranek bere sasoian idatzitako kronika bat dakar aldizkariak, Uztapide bertsolariari laguntzen ibili zaneko kontuen barri emoten dauena. Xabier Kaltzakortari esker berreskuratu ahal izan da Barandiaranen testua. 

Poesia atala be ondo horniduta dator oraingoan. Pello Zupiriak Abestiak idatzi dau eta Luigi Anselmik, Haurren erresuma eta lagunen errepublika. Atzerriko autoreei jagokenez, Mahmud Darwish palestinarraren olerki batzuk euskeratu ditu Xabier Bovedak.

Gernikako Arbola kantu ezagunaren bersino baten barri be badakar Idatz & Mintzen 70. aleak. Rudolf Trebistsch-en grabazinoetatik berreskuratu dau Inaxio Lopez de Aranak. Azkenik, Lauaxeta gogoan hartu dau Sebas Garzia Trujillok, eta euskal literatoen lehen martiria izan zala dino. 

Idatz & Mintz aldizkaria etxean hartzeko harpidetzen kanpainea zabaldu dau Labayru Fundazinoak (hemen). Urtean zenbaki bi argitaratzen dira, eta 18 euro pagau behar ditue harpidedunek. 

Udako Ikastaroak martxan

Beste alde batetik, Labayru Fundazinoaren Udako Ikastaroen lehenengo txandea hasi da, Boluetako eta Colon de Larreategi kaleko egoitzetan. Astelehenetik zapatura bitarteko ordutegi trinkoan, sei ikasle-talde dabiz euren euskera mailea hobetzen, batzuk batuan eta beste batzuk bizkaieraz.

Izena emon daben ikasle gehienak gazteak dira, ikasturtea amaitu barri maila bat hobetzeko aprobetxauko dabenak. Txanda hau amaitu eta gero, bigarreneko ikastaroak Bilbon ez eze Derion be izango dira. 

Labayruren Udako Ikastaroen 52. aldia da aurtengoa. Txiri-txiri aurrera doan egitasmoa dala dinoe antolatzaileek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu