Bilboko liburutegiek plazara urtengo dabe udan

Bizkaie! 2021-06-29 12:47   Kulturea

Garagarrilaren 5etik, liburuak, aldizkariak eta egunkariak irakurri ahal izango dira uriko kaleetan.

Liburutegi ibiltariak Bilboko plazetan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak martxan ipini dau Udako Liburutegiak programea, herritarren artean irakurteko zaletasuna bultzatzeko. Uriko sei auzotako plazetara aterako ditue Udal Liburutegien Sareko liburu, egunkari eta aldizkariak, udako eguraldi ona aprobetxauta jenteak aire zabalean irakurri deizan.

Garagarrilaren 5ean hasiko da Udako Liburutegiak kanpainea, Miribillan (Gernikako Lorategiak), Zorrotzan (Azoka plazea) eta San Inazion (Elorrieta parkea). Hilaren 23ra arte, astelehenetik barikura egongo da aire zabaleko txokoa edegita, goiz eta arratsalde.

Ondoren, beste hiru auzoren txandea izango da: Santutxu (Karmelo plazea), Errekalde (auzoko plazea) eta Uribarri (Eskolako Landea). Bigarren txanda hau garagarrilaren 26tik abuztuaren 13ra bitartekoa izango da, goiz eta arratsaldez. 

Hortaz, nahi daben herritarrek txoko horreetara hurreratu besterik ez dabe egin behar irakurteaz gozetako. Umeentzat, ganera, olgeta eta tailerrak antolatuko ditue, baita ipuin-kontalariak be. Udako Liburutegiak emoten dauen zerbitzua ohiko liburutegiena da, hau da, konsultak, maileguak, hemerotekea, teknologia barriak, CD-DVDak... 

Aire zabaleko jarduerea dan arren, Udalak azaldu dau Covid-19ari aurre egiteko neurri zorrotzak indarrean egongo dirala, edukiereari jagokonez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu