Ondarroan hasi da Artearen Ibilbidea

Bizkaie! 2021-06-29 08:24   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoko artelanen erreprodukzinoak Bizkaiko herrietan ikusi ahal izango dira udan.

Museoko, Udaleko eta BBK-ko arduradunak, Ondarroan (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urteetan lez, aurtengo udan be Bizkaiko herrietara eroango dabe Bilboko Arte Eder Museoaren bilduma iraunkorraren zati bat, kalidade handiko erreprodukzinoen bidez eta BBK Artearen Ibilbidea izenburupean, jenteak  aire zabalean eta doban gozau deizan artelanak. ABC Museoaren Alfabetoa erakusketearen egituran oinarrituko da aurtengo erakusketea, Kirmen Uribe idazleak antolatua.

Ondarroan egin dabe 2021eko BBK Artearen Ibilbidearen aurkezpena, hantxe egiten dabilelako lehenengo geldialdia. Ekitaldian izan dira, Ondarroako Udalaren izenean, Zunbeltz Bedialauneta alkatea eta Aritza Aristondo Kultura zinegotzia; Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta antzinako artearen konserbatzaile José Luis Merino Gorospe; BBK-ko zuzendari nagusi Gorka Martinez; eta Kirmen Uribe.  

Garagarrilaren 5era arte ikusi ahal izango dira Arte Eder Museoko obren erreprodukzinoak Ondarroan. Ondoren, Lekeitiora joango da, hil horren 5etik 12ra. Kostaldeko herrietan, ekialdetik mendebalderako bidea egingo dau erakusketeak, urriaren 4ra arte.

Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Bakio, Armintza, Plentzia, Getxo, Portugalete, Santurtzi, Zierbena eta Muskiz dira hurrengo herriak.

Aurtengo Museoaren Ibilbiderako 36 artelan aukeratu ditue. Kalidade handiko erreprodukzinoak egin eta panel handietan ipini ditue, obra bakotxari jagokozan argibide eta datu guztiakaz batera. QR kode baten bidez, ikusleak bere gailu eroangarrira deskargau leikez testuak, baita audiogidearen azalpenak be.

ABC Museoaren Alfabetoa erakusketako formatua kalera eroan dau Artearen Ibilbideak: museoan, areto bakotxa letra bati jagoko, eta herririk herri dabilen erakusketan, letra bakotxeko artelan bat aukeratu dabe. Bizkaiko kostaldeko herrietan ikusi ahal izango dira, beraz, bertoko eta kanpoko artista handien lanak: Paul Gauguin, Isabel Baquedano, Sofonisba Anguissola, Grekoa, Agustin Ibarrola, Jesús Mari Lazkano, Menchu Gal, Peter Blake, Aurelio Arteta eta beste asko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu