EHGAMek Pikara Magazineri emon deutso Urrezko Hirukia
2021-06-28 12:05 Pil-pileanEkitaldi ugari, gaur, LGTB Harrotasunaren Egunaren kontura.
Bagilaren 28a da LGTB Harrotasunaren Eguna, eta kolektibo horretako kideek kalera urtengo dabe, euren izateko eta maitatzeko modua erakutsi eta jagoken ikusgaitasuna harrotasunez aldarrikatzeko. EHGAM alkarteak, urtero lez, gaurko eguna aprobetxau dau Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartinea emoteko, LGTBI mobimenduaren eskubideen alde egin dabenei autortzea egin eta kontrako jarrerak salatzeko.
Pikara Magazine aldizkari feministeari emon deutse Urrezko Hirukia, Bilboko Bira Kulturgunean egindako ekitaldian. Feminismo kritikotik askatasun afektibo-sexualen eta genero-autodeterminazinoaren alde egin dauen kazetaritzea txalotu dau EHGAMek.
Edu Lopez artisteak egindako oroigarri personalizadua emon deutse irabazleei. Pikara Magazineko ordezkariak izan dira ekitaldian, Urrezko Hiruki artistikoa hartzen.
Trapuzko Espartinearen irabazlea ez da Bilbon izan, espero izatekoa zan legez. Espainiako ministro Carmen Calvori egokitu jako aurten izendapena, LGTB eta Trans legeak bidea egin deien oztopoak jarri dituala uste dauelako EHGAMek. Jarrera hori salatzeko emon deutse Trapuzko Espartinea, eta, bide batez, LGTBI+ kolektiboari onurak ekarriko deutsazan legearen aldeko aldarria egiteko.
Beste alkarte eta erakunde batzuek be gogoan izan dabe bagilaren 28a. Bilboko Udalak adierazpen instituzionala plazaratu dau, LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko burrukan ibili diranen eta oraindino badabizanen ekina txalotzeko, batez be 2021. urte honetan, egoera ezohikoa da eta.
Adi ibili behar dogu oraindino, sektore eta alderdi politiko batzuek sexu eta genero-dibersidadearen kontrako hitzaldiak egiten eta jarrerak erakusten dituelako, geroz eta gehiago, eta horrek ondorioak ekarten ditualako: trans kolektiboaren eskubideak onartzearen kontrako jarrera garbia eta erasoak ugaritzea. Horregaitik, beharrezkoa da agirira ekartea LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko burrukea, dino Bilboko Udalaren adierazpenak.
ONCE erakundeak, bestetik, kupoi berezia atera dau garagarrilaren 3ko zozketarako, Harrotasuna eta bardintasuna lemapean. Askotariko gizartearen aldeko eskariagaz bat egitea da ONCEren asmoa, eta, oraingo honetan, batez be trans kolektiboaren aldarrikapenetan jarriko dau arretea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!