Bidebarrietako Gaurkotasun Topaketak amaitzeko, Gazako gatazkea aitagai

Bizkaie! 2021-06-28 11:06   Pil-pilean

Mikel Ayestaran, Mikel Reparaz eta Dani Alvarez kazetariek egingo dabe berba, eguaztenean, hilak 30.

Mikel Ayestaran, Sirian | Ikusi handiago | Argazki originala

Mundu zabaleko jazoeren barri bertoko publikoari hurreratzeko asmoz antolatzen ditu Bilboko Bidebarrieta Liburutegiak Gaurkotasun Topaketak, EiTBko Mikel Reparaz eta Dani Alvarez kazetariak gidari dirala. Denporaldiko azken saioan, nazinoarteko gorabeherak ondo baino hobeto ezagutzen dituan kazetaria izango dabe berbalagun, Mikel Ayestaran beasaindarra. Gaur egun Jerusalemen bizi danez, palestinarren burrukea bertatik bertara bizi dau.

Azken asteotan barriro bizitu dan Gazako gatazkea jorratuko dabe Ayestaranek, Reparazek eta Alvarezek Bidebarrietan. Hitzordua eguaztenean, bagilak 30, izango da, 19:00etan. Saioa entzuten joan nahi dauenak gonbidapena eskatu behar dau aurretik, doban. Bestela, zuzenean emongo dabe barriketaldia, streaming bidez.

Gaurkotasun Topaketak zikloaren helburua da gori-gori dagozan nazinoarteko gaiak aztertzea, ikuspegi dibulgatibo baina zehatz batetik. Aditua izan barik, munduko gaietan interesa dauen edonork gustura entzuteko moduko saioak izaten dira. 

Zikloak udan deskantsua egingo dauen arren, Bilboko Udalak ziurtatu dau irailean berrekingo deutsela, nazinoarteko gaietan adituak diran konbidadu gehiagogaz. 

Bagileko saioan Mikel Ayestaranek bere bizipenak kontauko ditu. Gatazka ugari euskeraz kontau ditu hedabideetan, besteak beste, Iraken, Afganistanen, Iranen eta Sirian egon da eta. Gaur egun, Israelen eta Palestinan jazoten danaren kronikak egiten ditu batez be, baita Hurreko Ekialdeko beste kontu batzuenak be. Jerusalén, santa y cautiva liburua idatzi dau oraintsu. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu