Katixa Agirrek Amaia Lapitzen hirugarren abenturea aurkeztu dau
2021-06-28 10:17 KultureaBahiketa baten ondorioz, Greziako mitologia ezagutuko dau protagonisteak.
Katixa Agirre idazleak gazteentzako liburu barria aurkeztu dau egunotan, Amaia Lapitz eta Festoseko diskoa (Elkar). Orain dala urte batzuk sortu eban Amaia Lapitz personaiaren hirugarren abenturea da, eta, oraingo honetan, Greziako mitologiaz gehiago jakiteko modua emongo deutse liburuak irakurle gazteei.
Aurreko liburu bietan Mexikon eta Tunisian abentura eta estualdi gogoangarriak pasau eta gero, lagunakaz udalekuetara joan da hirugarren honetan Amaia Lapitz, lasaiago ibiliko dalakoan. Baina, oraingoan be, gauzak okertu egingo dira: Ariane laguna bahituko dabe ezezagun batzuek, eta haren arrastoaren bila, Greziako Kreta ugartera helduko da Amaia.
Bahitzailearen asmoa zera da, indusketa batzuetatik ostu daben Festosen diskoa bereganatzea, Amaiaren laguntzaz, honen ama lapurren esku dagoalako. Amaia eta Arianek arrisku eta misterio ugariri aurre egin beharko deutse helburua beteteko: hondoratzeak, ordenagailu kuantiko gaiztoa... Kretako Minotauroaren kondairea be ezagutuko dau Amaiak, Arianek kontauta.
Katixa Agirreren istorioari laguntzeko, Alex Orbek egin ditu liburuko ilustrazinoak.
Kretara egindako bidaia baten otu jakon liburua idaztea Katixa Agirreri, baina urte luzez egon da proiektua amaitu ezinda, beste zeregin batzuk tarteko. Horregaitik, zortzi urte pasau dira Amaia Lapitzen bigarren liburua argitaratu zanetik hirugarren hau agertu dan arte. Bitartean, Katixa Agirreren lumea ez da geldirik egon, helduentzako literaturako lan batzuk argitaratu ditu, adibidez, irakurleen eta kritikearen onespen zabala izan dauen Amek ez dute.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!