Bilboko auzoetan 200 ekitaldi baino gehiagok alaituko dabe udea

Bizkaie! 2021-06-25 12:54   Kulturea

Dobako jardueren egitaraua da, #UdaKalean lemapean antolatua. 

Gonzalo Olabarria eta Itziar Urtasun zinegotziak (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak udako hileetarako dobako ikuskizun eta jardueren egitarau zabala aurkeztu dau, #UdaKalean goiburupean, aisialdirako aukera seguruak uriko barruti eta auzoetara eroateko asmoz. Garagarriletik irailera bitartean, 200 ekintza baino gehiago antolatuko ditue: antzerkia, kontzertuak, herri kirolak, magia, folklorea, bisita gidatuak...

Gehienbat aire zabalean egiteko moduko jarduerak sartu ditue programazinoan, edade eta gustu guztietako herritarrak gogoan. Bilboko zortzi barrutietara helduko dira proposamenak. Barritzaileak, entretenigarriak eta freskoak izango dira, Udalaren arabera. 

#UdaKalean aurkezteko agerraldian Gonzalo Olabarria eta Itziar Urtasun zinegotziek adierazo dabenez, garrantzitsua da momentu honetan kultur sektoreagaz batera egotea, sortzaileak babesten eta euren lanaren alde egiten. Izan be, programazinoak kulturgintzea sustatzeko helburua dau, herritarrei aisialdiko aukerak emoteaz ganera. 

Apustu garbia da gure inguruko talentua bultzatzeko, hileotan berrasmatzeko, laguntzeko eta danoi kalidadezko denpora librea emoteko hain gogor lan egin daben profesional horreena, ganeratu dau Olabarriak. Urtasunen ustez, herritarrek irribarre handia egiteko beharra dabe, eta programazinoa ondo pasetako diseinauta dago.

Ekitaldi guztiak dobakoak izango diran arren, edukierea eta osasun neurriak hobeto jagoteko, gonbidapenak eskatu beharko ditue bertara joan nahi dabenek. Saio bakotxa hasi baino 48 ordu lehenago zabalduko dabe erreserbak egiteko aukerea, hemen. Eskatzaile bakotxak gonbidapen bi lortu ahal izango ditu gehienez, saio bakotxerako. 

#UdaKalean egitarau osoa ikusi hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu