XXI. Leioako Umore Azokea irailean egingo dabe
2021-06-25 12:24 KultureaEgitarauan 39 konpainiaren ikuskizunak dagoz.
Kaleko Arteen Nazinoarteko Jaialdia, Leioako Umore Azokea, ezohiko sasoian egingo dabe aurten, pandemiak behartuta. Udabarrian barik, 2021eko edizinoa uda ostean egingo dabe, irailaren 16tik 19ra. Igaz osasun krisiak itxitako espazioa berreskuratuko dau, eta herriko kaleak ikuskizun onenakaz beteko ditu, ziurtatu dau Leioako Udalak ohar baten.
XXI. Leioako Umore Azokan kaleko arteetako proposamen barritzaileenak eta artistarik abilenak ikusi ahal izango doguz. Antzerkia, jantzea, zirkua eta umorea izango dira ardatzak, baina piroteknia, jantza akrobatikoa eta abar be ez dira faltauko. Umore Azokearentzat fantasiaren, umorearen, ilusinoaren, sorkuntzearen, magiaren eta gozamenaren urtea da hau. 2021ean indar handiagoz bueltauko ginala esan genduan, eta holan egin dogu, esan dau Iban Rodriguez Etxeberria alkateak.
Bertoko eta nazinoarteko 39 konpainia arduratuko dira magia hori guztia Leioako kale eta plazetan zabaltzeaz. Euskal Herrikoak dira 22, eta Espainiakoak beste hamalau (gehienak kataluniarrak). Urrunagotik hiru konpainia baino ez dira etorriko, pandemiak oraindino eragina dauelako nazinoarteko egitarauak atontzeko orduan.
Betiko lez, ikuskizun guztiak kalean izango dira, baina aurten karpa batzuk ipiniko ditue Leioako hainbat lekutan, eta gonbidapen barik ezin izango da sartu. Edukiereari jagokozan arauak eta osasun neurriak hobeto beteteko hartu dabe erabagi hori. Beharrezko neurri guztiak hartu doguz, Leioak eta kultureak merezidu dabelako, azaldu dau Iban Rodriguez Etxeberriak.
Egitarau nagusiaz gan, jarduera osogarriak be badakarz XXI. Leioako Umore Azokeak, lau egunez euskal kaleko arteen uriburu izango dala aprobetxauta. Berbaldiak eta mahai-inguruak egingo ditue sektoreko eragileek eta erakundeek, pandemiaren ondorengo egoerea aztertzeko, eta kultur programatzaileen arteko topaketarako gune be izango da Leioa. Hainbat lekutatik etorriko dira programatzaileak, asko Portugaletik.
Ganera, kaleko arteen inguruko liburu bat aurkezteko erabiliko dabe Umore Azokea.
Pandemiak dana hankaz gora ipini dauen arren, Umore Azokeak betiko estiloari eusteko ahalegina egingo dauela ziurtatu dau alkateak: 2021ean benetako Umore Azokea egingo dogu, bizi dogun egoerara egokituta, baina artistak kalean dirala, jenteak lehengo modura ikusi eta sentidu deizan. Normaltasuna berreskuratzeko bidean, gure aletxua izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!