Bilbo, LGTBI+ kolektiboaz 'harro'

Bizkaie! 2021-06-25 08:09   Pil-pilean

Bagara kanpainea ipini dabe martxan urian, norbera dan moduan agertzeko askatasunaren alde.

Bagilaren 28a LGTBI+ Harrotasunaren Nazinoarteko Eguna izango danez, Bilboko Udalak kanpainea ipini dau martxan, Bagara lemapean, kolektibo horren aldeko aldarrikapenak gizarteratzeko. Bagilaren 25etik 28ra, udaletxearen fatxadea ostadarraren banderearen koloreakaz argiztauko dabe, bilbotar eta bisitari guztiek izan deien aldarrikapenaren barri. 

Hain zuzen be, persona guztiek askatasunez maitatu eta sentiduteko daben askatasunaren eta LGTBI+ kolektiboaren eskubide sozialen alde agertuko da Udala kanpaina honetan. Antzeko ekintzak egin zituan Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunean eta Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazinoarteko Egunean.

Udaletxearen argiztapen bereziaz gan, kanpainako edukiak online zabalduko ditu Udalak, webgunean eta sare sozialetan. Ganera, herritar guztiei dei egin deutse, modu aktiboan parte hartu deien LGTBI+ kolektiboak bagilaren 28aren harira antolatutako ekitaldi eta mobilizazinoetan. 

Ospakizuna eta aldarrikapena buztartu nahi ditu Udalak bagilaren 28an, Nekane Alonso zinegotziak azaldu dauenez: harrotasun kritiko baten ospakizuna, baina, era berean, burruka eta salaketa publikorako eguna be bada, sexualidadea, generoa edo gorpuztasuna arauz kanpo bizi daben personak baztertzearen kontra

LGTBI+ kolektiboaren eskubideak autortzea Bilboko uriaren balioen artean derrigorrez egon beharrekoa dala uste dau Alonsok. Uri inklusiboa, errespetuzkoa, ekitatiboa eta, batez be, bertan bizi garen guztiontzat bidezkoa izateko konpromisoa eta apustua hartu dau. Ganera, ikuspegi feministea kontuan izatea be garrantzitsutzat jo dau. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu