Urtean erakusketa handi bi antolatuko ditue BBK-k eta Arte Eder Museoak
2021-06-24 08:43 KultureaSorkuntzea, hezkuntzea eta zabalkundea bultzatuko ditu erakunde bien arteko hitzarmenak.
Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek Bilboko Arte Eder Museoa handitzeko martxan ipiniko daben proiektua aprobetxauta, BBK Fundazinoak eta museoak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe, bien arteko lankidetzea indartu eta laster eskura egongo diran espazio barrietan jarduera gehiago antolatzeko. Hurrengo 15 urteetako ibilbidea ezarriko dauen itun estrategikoa da, asmo handiko egitasmoz betea.
BBK-ko lehendakari Xabier Sagredok eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok sinatu dabe hitzarmena, azken hau Arte Eder Museoaren Patronatuko lehendakaria be bada. Ekitaldian izan dira, ganera, Norman Foster arkitektoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria.
Gaur egun museoan dagoan BBK Aretoaren ordez, BBK Museoa izeneko gunea sortze aurreikusi dau hitzarmenak, askoz handiagoa eta era askotako proiektu sortzaileak bultzatu eta erakusteko modukoa. 1.500 metro koadro izango dira, eta 700 metro koadroko aire zabaleko terrazea izango dau alboan.
Erakusketak antolatzeko eremu aproposa izango da BBK Museoa, eta, hitzarmenak dinoanaren arabera, urtean erakusketa handi bi ipiniko ditue han, BBK-ren eta Arte Eder Museoaren ardurapean. Arteagaz lotutako esperientzien lekua izango da, gune kultural ikonikoa.
Foster eta Uriarteren proiektuak dinoanez, BBK Museotik hezkuntza eta zabalkunde gelak ikusi ahal izango dira, idi-begi bati esker. Izan be, erakusketak antolatzeko gune hutsa baino gehiago izateko jaioko da zati barri hori: sorkuntzea, hezkuntzea eta zabalkundea bultzatzeko helburua izango dau, baita gaur egungo erronken inguruko gogoetea be.
Nazinoartean erreferente bihurtzeko asmoa aitatzen dan arren, hur-hurreko komunidadeari zerbitzua emoteko gunea be izango da BBK Museoa. Euskal kulturearen balio eta berezitasunera hurreratzeko abantailea eskaintzen dauen atea, Arte Eder Museoak azaldu dauenez.
BBK Museoa gunearen finantziazinoa buruaskia izatea adostu dabe hitzarmenean. Horretarako, hiru bidetatik lortuko dabe dirua: BBK-k urtero egingo dauen miloe bat euroko ekarpena; proiektuek sortuko dituen diru-sarrerak; eta beste laguntzaile edo babesle batzuen aportazinoak.
Hurrengo 15 urteetarako bidea zehaztu dabe BBK-k eta Arte Eder Museoak, irailean eraikina handitzeko obrak aprobetxauta. Halandabe, erakunde bien arteko alkarlanak mende erdi inguruko historia dau, BBK-ren aurrekari izan ziran aurrezki kutxak museoari laguntzen hasi ziranetik zabalduz joan dana.
1994an sortu eben BBK Aretoa, eta 2001etik museoaren Ohorezko Patrono da banketxea. Programa artistiko zabal baten barruan, BBK-k hiru alor bultzatzen ditu: aldi baterako erakusketak, hezkuntzea eta zabalkundea. BBK Museoa gune barria, azaleraz, gaur egungo BBK Aretoaren bikotxa izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!