'Puppy' leheneratzeko herritarren ekarpena eskatu dau Guggenheimek

Bizkaie! 2021-06-23 13:27   Kulturea

Museoaren jagole ospetsuaren barruko egiturea konpontzea beharrezkoa da.

Bilboko Guggenheim Museoa zabaldu zanetik, 1997tik, eraikinaren jagole zintzoa izan da Jeff Koonsen Puppy obrea, loraz egindako txakur erraldoia. Museoaren eta Bilboren ikono bihurtu da, baina, ia mende lauren leku berean egon eta gero, barruko egiturea hondatzen hasi jako. Puppy leheneratzeko preminazko konponketak egiteko, crowdfunding kanpainea martxan ipintea otu jake Guggenheimeko arduradunei. 

Konserbazino saileko adituen analisi teknikoek erakutsi dabenez, obreari eusten deutsen barruko osogaiak ordezkatu edo sendotu behar dira, Puppy gitxienez beste 25 urtez Gugenheimen atariko jagolea izan daiten. Altzairuzko egiturea, ureztatze-sistemea eta landaren azpiko geruzea (sare metalikoa eta ehun geotestila) dira konpondu beharrekoak. Ikusi zelakoa dan Puppy barrutik hemen.

Museoaren historiako lehenengo crowdfunding kanpainea antolatu dabe, hori guztia egitearen kostua 100.000 euro izango dalako. Gizarteari laguntzinoa eskatua erabagi dabe Puppy Bilboren ikonoa dalako. 

Diru-ekarpenak egitea erraza, segurua eta ludikoa dala dinoe museoaren arduradunek. Horretarako, BiziberrituPuppy webgunera jo behar da, eta dohaintzea online egin (Paypal, Bizum edo kreditu-txartela erabilita). Webguneko argibideak euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dagoz.

Ekarpenak egiteko epea zabalik dago, udagoienera arte. Irailean, urrian eta zemendian egingo ditue Puppy-ren egiturea leheneratzeko lanak, hain zuzen be, udakoen ordez neguko lorak ipintea toketan danean. Zaharbarritzearen mezenas bihurtzeko deia egin deutse herritarrei Guggenheimek: obra garaikide miretsienetakoa da, eta argazki gehien egin jakonetako bat; etorkizunean be itxura bikain eta osasuntsua erakutsi deian, haren bizibarritzeari ekiteko sasoia heldu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu