Ana Laura Alaezen bideo-sorkuntza bat ipini dabe Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2021-06-23 08:35   Kulturea

Multiberso beken emoitzea da ikus-entzunezkoa.

Bideoaren fotograma bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkenaldion, Bilboko panorama artistikoaren erdigunera egin dau salto Ana Laura Alaezek, Azkuna Zentroan ipini dauen Kontzertu guztiak, gau guztiak, dana hutsik erakusketeari esker. Orain, ganera, Arte Eder Museoan be haren sormenaren barri izango dau publikoak, Queer eroaleak: doblea eta errepikapena izeneko bideo artistikoa ikusgai dagoalako hango 32. aretoan. 

2020an amaitutako sormen-bideoa ikus-entzunezko artea bultzatzeko Multiberso bekearen emoitzetako bat da. BBVA Fundazinoagaz alkarlanean antolatzen dau bekea Bilboko Arte Eder Museoak, eta 2018ko deialdiari jagoko Alaezen lana.

15 minutu eta 39 segunduko bideoan, queer kontzeptuaren inguruko gogoetak egiten ditu Alaezek, manifestu, musika-bideo, performance, eguneroko, katalogo bisual zein trailer izan leiteken obra honetan. Jantzeari, marrazkiari eta eskultureari erreferentziak egiten deutsaz.

Alaezek dino ez jakozala gustetan kategoriak: homosexual, bisexual, heterosexual... Gatazka beste leku baten ikusten dau, queer mobimentuan berezkotzat joten dauelako identidadea guztiz finkatu ezina. Arauen arabera natural ez dana bihurtzen da arraro, artistearen arabera. Bideoan ezagutu leiteke Alaezek bere obran darabilen queer kontzeptuaren interpretazinoa.

Alaezentzat esanguratsuak diran lekuak agiri dira bideoan: New York, Tokio, Towada, Bilbo eta Palma. Bideoaren bigarren partean, baina, giroa aldatu eta Magdalena Planas artistea ikusten da, espraiaz saguzar bat marrazten. 

Bideoaren soinuzko alderdia Daniel Holc musikagile alemaniarrak egin dau, disko musikearen munduan Ascii izena erabilten dauen arren. Proiektu bisual honen % 50 musika elektronikoko proiektu espezifiko baten oinarritzen da, azaldu dau Alaezek berak. Euskarri ezin hobea da errepikapena, abstrakzinoa, iraultzea eta energia anarkikoa azpimarratzeko

Sormen-bideoak Alemaniako Oberhausen uriko Music Video International Audience Award saria irabazi dau aurten. Irailaren 5era arte ikusi ahal izango da Bilboko Arte Eder Museoan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu