Bilboko Udalak 372 tailer antolatuko ditu 2021-22 kursoan

Bizkaie! 2021-06-22 10:50   Pil-pilean

Izena emoteko epea gaur, martitzena, hasi da.

Kulturearen, bardintasunaren, osasunaren, aisiaren eta kirolaren arloko tailerren eskaintza zabala atondu dau Bilboko Udalak 2021-22 denporaldirako, hau da, uda ostean hasteko. Bilbon erroldatuta egotea eta edadez nagusia izatea dira parte hartzeko baldintza bakarrak. Ganera, eskaintzea uriko zortzi barrutietara helduko danez, herritar guztiek izango ditue erraztasunak. 

Danetara, 372 ikastaro edo tailer antolatuko ditue hurrengo kursoan. Izena emoteko epea gaur, martitzena, zabaldu dabe, eta irailaren 1era arte egongo da astia. Persona bakotxak, gehienez, tailer bitan eta udaltegi bitan egin leike eskabidea. Plazen zozketea irailaren 7an egingo da. 

Izena emoteko hemen.

Edadekoentzako osasun-ikastaroak doban izango dira. Ganerakoetan pagau egin beharko da, baina, aurten lehenengoz, Udalak tarifa merkeagoa ezarriko dau Gitxieneko Diru-sarrerea kobretan dabenentzat. 

Lau alor nagusitan banatu ditue tailerrak:

- Edadekoen osasuna: Zahartzaroan be herritarrek bizimodu aktiboa eta osasungarria izan deien dira honeek tailerrak. Ariketa fisikoa modu errazean egiteko, ohitura osasungarriak hartzeko... hainbat helburutarako balio izango dabe. 150 tailer dira guztira.

- Aisia eta kirola: Denpora librean ariketa fisikoa egin ahal izango dabe bilbotarrek, 112 ikastarodun eskaintza oparoari esker. Aerobic, mantentze-gimnasia, erlaxazinoa, zumba, luzaketak, yoga eta jantza tropikalak dagoz aukeran, besteak beste. Yoga eta Tai-chi kurso aurreratuak be emongo ditue, lehendik oinarrizko ezagutzea dabenentzat.

- Kulturea: Honeek gehienbat euskeraz izango dira, euskerazko erdi mailan dabizanek be ulertzeko moduan, praktikau ahal izan deien. Zeramikea, barrualdeen apainketea, akuarelea, eskulturea, argazkigintzea eta abar, 85 ikastaro dira.

- Bardintasuna: Gaur egungo gizartean ezinbestekoa da emakume eta gizonen arteko bardintasuna lantzea, eta horretara bideratuta dagoz 25 tailerrok. Emakumeen formakuntzea eta ahalduntzea izango da helburua, alor askotatik begiratuta (interneten, artean, autodefensan...). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu