Jazz Uhinak Ohorezko Makilea emon deutse Xabier Añuari

Bizkaie! 2021-06-22 09:15   Musikea

Gasteizko udaletxean egindako ekitaldian omendu dabe.

Argazkia: Gasteizko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Musikea, eta, batez be jazza, Gasteizen zabaltzeko egin dauen lan handiagaitik, omenaldia egin deutse Jazzargia Kultur Alkarteak eta Gasteizko Udalak Xabier Añuari. Uri horretan jazzaren bultzatzaileetako bat izateaz gan, Gasteizko Jazzaldiagaz lotutako familia bateko kidea da. Bere anaia Iñaki Añua da Jazzaldiaren sortzailea eta luzaroan izan zan zuzendaria. 

Xabier Añua (Gasteiz, 1935) irratian hasi zan jazza bultzatzen, 1950eko hamarkadan. Gaztea zan arren, jazzaren inguruko saio bat sortu eta aurkeztu eban Radio Vitorian. Izan be, Frantzian ikasten egoala entzun eban jazza lehenengoz, eta doinu hareekaz maiteminduta, bere jaioterrian zabaldu nahi izan zituan. Luis Abaitua eta Iñaki Añua izan zituan bidelagun abentura haretan.

Hori gitxi ez, eta saskibaloiaren alorrean be nabarmena izan da Añuaren ekarpena. Gasteizen saskibaloia hain kirol kutuna izatearen arduradunetako bat da. Entrenatzailea izan zan, bertoko zein nazinoarteko txapelketetan. 

Gasteizko udaletxeko harrera-aretoan egin dabe Jazz Uhinak zikloaren Ohorezko Makilea emoteko ekitaldia. Gorka Urtaran alkateak emon deutso makilea Añuari. Estibaliz Canto zinegotzia, Jazzargiako ordezkariak eta omenduaren senideak be han izan dira.

Esker onez hartu dau Ohorezko Makilea Xabier Añuak, urteetan aurrera egin ahala bihotzera heltzen diralako halako omenaldiak, adierazo dauenez. Iñaki Añua anaia gazteari eskaini deutso oroigarria, ezin izan dalako ekitaldian izan, gaixotasun bategaitik. 

Uri Hezitzailea programearen barruan antolatzen dabe Jazz Uhinak zikloa, alkarlanean, Gasteizko Udalak eta Jazzargiak. Hileon amaitu da bosgarren edizinoa, Marcelo Mercadanteren eta Sexteto Porteño taldearen ongintzazko kontzertuagaz. Zemenditik, jazzagaz lotutako hainbat ekitaldi antolatu ditue V. Jazz Uhinaken barruan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu