Plaiko Zubia konpondu dabe, eta garagarrilean helduko da Ondarroara
2021-06-22 08:32 Kulturea1927ko zubi birakaria lehengoratu eta gero, azken probak egitea baino ez da falta.
Korrosinoak eta ia mende bateko erabilereak egindako kalteak konpondu eta egiturea lehengo moduan ixteko asmoz, Ondarroako zubi birakaria, Plaiko Zubia deritxona, bere lekutik kendu eben, eta instalazino industrial batera eroan. Beharrezko konponketa guztiak eginda, azken proba batzuk egin, eta laster egongo da barriro bere lekuan, Ondarroako herrigunean.
Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, garagarrilean ipiniko dabe atzera bere lekuan. Ondarroako Udalak zehaztu dauenez, zatika ekarriko dabe zubia, lekuan bertan pieza guztien muntaia egiteko. Ez da prozesu erraza izango: Zubia ekarten dabenean eremu handia hartuko dau, eta Alamedako zati bat itxita egongo da, dino Udalak.
1927an egina, munduan geratzen dan zubi birakari bakarrenetako bat da Ondarroakoa. Horregaitik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian dago, dauen balio historiko eta arkitektonikoagaitik. Babes hori dala eta, altzairuzko piezak artisau eran barriztau ditue adituek. Bide batez, hormigoi eta harrizko oinarriak be konpontzen ibili dira.
Prozesu guztia egin ahal izateko 1.290.530 euro ibertidu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.
Momentu honetan, pasabidean funtzionamendu probak egiten dabiz, Ondarroan dagozan baldintza bardin-bardinetan, baina Asturiasko lantegi baten. Biraketa mekanismoen funtzionamendua egiaztatzeaz gan, probek zati mobikor bien posizinoa doitzeko balio dabe, zehaztasun milimetrikoagaz alkartu behar diralako.
Zati bi daukaz egitura metalikoak. Zaharbarritzeko prozesuan, jatorrizko piezak berreskuratu dira, eta herdoila kendu jake. Hondatuegi dagozan zatien erreplika zehatzak be egin ditue, artisauen teknikak erabilita.
Bestetik, biratzeko mekanismoak zutabe bakotxaren ganean dagoz, kremailera biribil batean oinarrituta. Horren ganean pinoi bat ibilten da. Mekanismo hau sistema elektrikoaz zein eskuz erabili ahal izan da baina aurreratzean eskuzkoa izango da, jatorrizkoa dalako.
Koloreak be lehengo moduan itxiko ditue: goiko partea berdea eta behekoa baltza. Instalazinoa osotzeko, barandak eta egurrezko oholak ipiniko deutsez. Hortaz, aste gitxi barru Ondarroako herritarrek barriro erabili ahal izango dabe Plaiko Zubia.
Argazkiak: Bizkaiko Foru Aldundia eta Ondarroako Udala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!