Bilboko Guggenheim, udako astelehenetan zabalik
2021-06-21 09:10 KultureaIrailaren 13ra arte egongo da indarrean ordutegi barria.
Gaur, bagilak 21, hasi eta irailaren 13ra arte (biak barne), astelehen guztietan zabalik egongo da Bilboko Guggenheim Museoa. Normalean, deskantsu eguna izaten da astelehena, baina udako hileetan asteko egun guztietan edegita egongo da, bisitarien kopuruak gora egingo dauela aurreikusi dabelako.
Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00etara egongo da zabalik museoa udako sasoian.
Asteotan Bilboko Guggenheimera hurreratzen diranek danetariko erakusketak eta artelanak ikusi ahal izango ditue. Nabarmentzekoa da 1920ko hamarkadako urte zoroei eskainitakoa, urteko erakusketa handietako bat da eta. Barritasun eta alaitasun gogoz, diseinu eta estilo ausartak ekarri zituen orain dala ehun urteko sortzaileek. Gaur egungo jokerakaz antzekotasunak topau deutsez, ganera, erakusketako komisarioek.
Bilbo eta pinturea da momentu honetan ikusi leiteken beste erakusketa nabarmen bat. XIX. eta XX. mendeen arteko Bilbon sortu zan mobimendu artistikoa eta orduko bizimodu aldakorra erakusten daben artelanak dira ardatza. Guggenheim Museoaren maisulanak bilduma zabala eta oraintsu zabaldutako Asmamenaren ildoa be ikusgai dagoz, ikastetxeetako gazteen sormena agertzen dauen Artea ikasbide-gaz batera.
Ganera, bagilaren 24an, Cecilia Bengolearen Ur-animazinoak ikusi ahal izango da Film&Video atalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!