Kalekak 12 ikuskizun dakarz Lekeitiora, garagarrilaren 9tik 11ra

Bizkaie! 2021-06-21 08:30   Kulturea

Abaroa lorategian, plaza baltzean eta ikastolako jolastokian izango dira saioak. 

Producciones San Segundoren 'La máquina' Lekeition ikusi ahal izango da | Ikusi handiago | Argazki originala



Igazko edizinoa pandemiaren eraginez bertan behera itxi eta gero, bueltan da Lekeitioko Kaleka, kaleko arteen jaialdia. Osasun alorreko neurri zorrotzak ipiniko ditue, ikusleen eta artisten segurtasuna eta lasaitasuna bermatzeko, eta atzerriko konpainia gitxiago etorriko dira. Dana dala, programazino betea eta goi mailakoa agindu dabe antolatzaileek eta Lekeitioko Udalak. 

Garagarrilaren 9tik 11ra, hamabi konpainiak euren ikuskizunak aurkeztuko ditue Lekeition. Betiko lez, aire zabalean izango dira saioak, baina guneak hesituta egongo dira, gorago aitatutako segurtasun neurriak bete ahal izateko. Abaroa jauregiko lorategia, plaza baltza eta ikastolako jolastokia dira aukeratutako lekuak. 

Euskal Herriko konpainiez gan, Katalunia, Gaztela, Leon, Valentzia, Madril eta Txiletik etorritakoak dagoz egitarauan. Jantzea, zirkua, clowna, keinu-antzerkia, esperimentazinoa eta piroteknia ikusi ahal izango dira Lekeition. Aurreko urteetan lez, Kalekaren 31. edizino honetako proposamenak hiru atal nagusitan banatuko ditue: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai.

Kaleka Ofiziala: Hainbat formatutako ikuskizunak batzen dituan atala, bertoko eta kanpoko konpainia ezagunen eskutik: Tiritirantes, David Moreno Cia & Cristina Calleja, Mireia Miracle Company, Producciones Sansegundo, Mortelo & Manzani, Teatro La Cosa, Nuc, Haatik, Mr Copini eta Visitans.

Kaleka Scratch: Sortze prozesuan dagozan lanak batzen dituan atala da hau, kulturgile, eragile eta ikusleen arteko trukea eragiteko asmoz. Aurten, Máximo Óptimo konpainiaren Mínimo Pésimo ikuskizuna landuko dabe.

Kalekaz Blai: Herritarrek parte hartu deien antolatutako atala da hau. Urdaibaiko Txitatoki Zirko Eskolea arduratuko da aurten atal hau gidatzeaz, zirku tailer edegia antolatuta. Txitatokiko irakasleek teknika ugari erakutsiko ditue, eta ondoren herritarrek praktikau ahal izango dabe. 

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu