Bilbao Izan, Iralabarrin, Zabalan eta Errekaldeberrin

Bizkaie! 2021-06-18 09:56   Kulturea

Bisita gidatuen bidez auzootako historia eta bitxikeriak ezagutu ahal izango dira.

Bilboko Udalak auzoetako ondarea, historia eta izakerea erakusteko martxan daukan Bilbao Izan programearen barruan, bisitaldi gidatuen ziklo barria antolatu dabe. Oraingo honetan, Iralabarri, Errekaldeberri eta Zabalako auzoak izango dira protagonista, garagarrilean, irailean eta urrian. 

Aukera bi izango ditue herritarrek, Ezagutu oinez eta Ezagutu familian. Lehenengo modalidadean, hile bakotxean auzo baten egingo ditue bisitak, gidari baten azalpen eta guzti. Kalerik kale joango dira hango bitxikeriak ezagutzen. Astelehenetik zapatura egingo dira txangoak, eguen arratsaldetakoak euskeraz.

Ezagutu familian, ostera, umeei, gaztetxuei eta hareen familiei eskainitako aukerea da. Olgeta eta ipuinen bidez, modu parte-hartzaile eta ludikoan ezagutuko ditue auzoak, sormenari lehentasuna emonda. Lau urtetik gorako umeentzat da aproposa. Bisitak elebidunak izango dira.

Lehenengo geldialdia Iralabarrin egingo dau Bilbao Izan-ek. XX. mendearen hasieran, Juan José de Irala y Arriola industria-gizonak trenbide ondoko lursail batzuk aukeratu zituan Bilboko kanpoaldean, urun-fabrikea zabaltzeko. Handik gitxira, fabrika barriko beharginen familientzako etxebizitza-auzo moderno bat eregi eban. Ehun urte baino gehiago pasauta, oraindino ikusi geinkez Harino Panadera enpresearen ondoan bertako langileak bizi izan ziran ikutu ingeleseko etxeak.

Giña Baserria izango da bisitaldia hasteko topalekua. Hau be eraikin aitagarria da, eta gaur egun Iralako liburutegia da. Bisitaldiak ordu eta erdi ingurukoak izango dira.

Abuztuan deskantsau eta gero, irailean Zabala auzoa ezagutzeko bisitaldiak antolatuko ditu Bilbao Izan-ek. Azkenik, urrian, Errekaldeberriren txandea izango da. 

Bisitak doban dira, baina aurretik emon behar da izena, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu