Gemma Cuervo, Ohorezko Max Saria 2021
2021-06-18 09:09 KultureaIbilbide oparoagaitik, izakera ekintzaileagaitik eta antzerkiari daukotsan maitasunagaitik.
2021eko Ohorezko Max Saria SGAEko Zuzenbide Handiko Alkargoak Gemma Cuervo aktoreari emotea erabagi dau, aho batez, Arte Eszenikoen arloan egindako lan guztiagaitik. Interprete lanetan egindako ibilbide oparoa eta aitzindari lez aintzat hartu dauen batzordeak, bide batez, Espainiako antzerkigintzan enpresari bezela egindako lana eta antzerki errepertorioaren aurrean agertutako konpromisoa be azpimarratu nahi izan ditu.
Kataluniako interpreteak urriaren 4an jasoko dau saria, Bilboko Arriaga Antzokian, SGAE Fundazinoak Bilboko Udalaren, Bilboko Arriaga Antzokiaren eta INAEM erakundearen banesari esker atontzen dauen Arte Eszenikoen Max Sarien XXIV. edizinoaren ekitaldian. Albistearen barri izan ostean, aktoreak saria ezustean jaso dau: Nire bizitzako momentu gorena da, pozgarria izan da, eta umezarora bueltau nau pozarren.
Gemma Cuervo Bartzelonan jaio zan 1934an. Antzerkiko, zinemako, irratiko eta telebistako aktorea eta Televisión Española Estudio 1 programa dramatikoko irudi ezaguna, enpresa arloan be nabarmendu zan Cuervo, Fernando Guillén Cuervo senarragaz batera, antzerki konpainia propioa sortuz 1969an. Sasoi haretako zentsureari aurre egin behar izan eutsen, izan be, arteetarako denpora nahasiak ziran, eta, bereziki, emakumearentzat; ama eta enpresaburu roletan bere burua kokatzea lortu eban.
Irabazitako sariei jagokenez, besteak beste, Antzerki Sari Nazionala (1965) eta Madrilgo Erkidegoko Zidarrezko Dominea (2018) ditu.
Gemma Cuervok 60 urte baino gehiagoko ibilbidea egin dau ehun antzezlan, hogeita hamar telesail eta 60 film baino gehiagotan. Beragaz batera, agertokiaren gainean zein atzean, Adolfo Marsillach (2000. urtean aintzatespen hau bera irabazi ebana), 1960an, Harvey antzezlanean bere lehen papel profesionala eskaini eutsona edo Fernando Fernán Gómez, El mundo sigue filmean be zuzendu ebana, gaur egun sasoi guztietako espainiar zinemearen gailurtzat hartzen dan filma.
Hirugarren aldiz, Max Sariak Bilbon
Max Sarien izakera ibiltaria Estaduko hainbat antzokitara zabaldu da 24 edizinoetan zehar eta honegaz hiru aldiz nabarmendu dira antzerki eta jantzako profesionalei egindako aintzatespen honeek Bilbon: 2001ean, uriaren sorrerearen 700. urteurrenaren ondoren, Arriaga Antzokiak laugarren edizinoa hartu eban, Emilio Aragón eta Fernando Bernuésen zuzendaritzapean eta José Ibarrola eszenografoaren aholkularitzea izan eben. Max Sariak 2007an bueltau ziran Bizkaiko uriburura, orduko haretan Euskalduna Jauregira.
Bartzelona, Kordoba, Guadalajara, Las Palmas, Madril, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Vigo, Zaragoza eta oraintsu Malaga uriek be jaso ditue sari honeek aurreko edizinoetan.
Hiru sari berezi
Estadu mailako Arte Eszenikoen saririk ospetsuenek 24 urte beteten ditue eta lehiaketa bakotxeko 20 kategoria eta hiru sari berezi izango ditue: gaur aditzera emondako Ohorezko Max Saria, Arte Eszenikoen ekarpen, emote eta aldekotasunagaitik persona baten ibilbidea bereiziko dauena (aurten Gemma Cuervori egokitu jakona); Ikuslegoaren Max Saria, #VotaMax online aplikazinoaren bidez publikoaren botu gehien lortzen dituan ikuskizunari emongo jakona; eta, Izakera sozialeko Max Saria, proiekzino sozialaren dimensinoa batzen dauen autorpena eta aurten Donostiako Teatro Estudio amateur taldeari egokitu jakona, 50 urteko ibilbideari autorpen ukaezina.
Azken urteotan, Arte Eszenikoen Max Sariak sektoreko erreferente bihurtu dira, gero eta jarraitzaile gehiago lortu ditue eta mueta guztietako eta Estadu osoko konpainien interesa piztu dabe. Azken edizinoa, Malagako Cervantes Antzokian egin zan 2020ko irailaren 7an, gune kultural horren 150. urteurrenean. Danetara, 386 ikuskizun aurkeztu ziran prozesuan parte hartzeko.
Max Sariak
SGAE Fundazinoak 1998tik antolatzen ditu Max Sariak. Joan Brossa poeta eta artista plastikoak (Bartzelona-1919/1999) diseinau eban saria berez, ha gerraosteko Espainiako artearen kolektibo barritzaileetako baten bultzatzailea izanik. Sari honeek sendotu egin dira azken urteotan, Estaduko arte eszenikoen arloko aintzatespen zabalena bilakatuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!