Udan euskerea erabiltearen alde egingo dau 'Bertatik bertara' kanpaineak

Bizkaie! 2021-06-16 12:40   Kulturea

Ostalaritzan 300.000 mahai-ganeko banatuko ditu UEMAk.

Udan bisitari asko etorriko dira euskerearen arnasguneetara, hau da, eguneroko bizitzea euskeraz egiten daben udalerrietara. Horregaitik, Bertatik bertara kanpainea martxan jarri dau UEMAk, zerbitzuetan emoten dan arretea euskeraz izan daiten eta bisitariek euskerea entzun edo erabili ahal izan deien. Dozenaka udal eta garapen agentziak egin dabe bat ekimenagaz.

Irailaren erdialdera arteko kanpaina honetan, kontzientzia zabaldu nahi dabe zerbitzuetako enpresen arduradun eta beharginen artean, euskerea aintzat hartu deien. Askotan joten da erderea erabili eta euskerea baztertzera, bisitariei harrera hobea egingo jakelakoan, eta jokera horri bueltea emotea da asmoa.

UEMAk azaldu dauenez, kanpotik datorren jente gehienarentzat herritarrak euskeraz entzutea atsegingarria eta Euskal Herriaren nortasunaren erakusle da, eta batzuek udalerri euskaldunetara joten dabe beren-beregi gure hizkuntzea kalean entzuteko. 

Bertatik bertara kanpainan, euskerearen erabilerea sendotzeko hainbat jarraibide eta material atondu ditu UEMAk: webguneetan eta sare sozialetan erabilteko banner eta testuak, sensibilizazino-bideoak, bisitarientzako hiztegitxu digitalak... Jente aurreko zerbitzua emoten daben beharginak trebatzeko saioak be antolatuko ditue. 

Ganera, jatetxe eta tabernetan erabilteko 300.000 mahai-ganeko banatuko ditu UEMAk. Bertan agiri dira euskerazko ohiko berba batzuk, inguruko hizkuntza batzuetara itzulita: gaztelaniara, katalanera, galegora, frantsesera eta ingelesera. Bestelako jakingarri batzuk be irakurri leikiez bisitariek mahai-ganekoetan.

UEMAk ostalaritzan eta merkataritzan zabaldu dau kanpainearen barri, eskuorri baten bidez. Postaz banatu dabe informazinoa, 2.000 biztanletik beherako udalerrietan. Hortik gorakoetan, udal bakotxa arduratu da herrian kanpainearen ganekoak zabaltzen. 

Iragarkia be atondu dabe, ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu