Concha Velasco, Imanol Arias eta Ramón Barea, Arriaga Antzokiaren udako sasoian

Bizkaie! 2021-06-15 13:25   Kulturea

Sarrerak hilaren 21ean egongo dira salgai.

'El viaje a ninguna parte' antzezlana (argazkia: Arriaga Antzokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arriaga Antzokiak artista ospetsu eta beteranoen alde egin dau 2021eko udako programazinoan. Concha Velasco, Imanol Arias eta Ramón Barea izango dira, hurranez hurran, hurrengo hileotako hiru proposamen eszenikoetako izar nagusiak. % 100 antzerkia da antzokiko arduradunek uda honetarako dakarren eskaintzearen goiburua. 

Bilbon makina bat aldiz egondako Concha Velasco, oraingoan, bakarrik ikusiko dogu oholtzan, La habitación de María antzezlanean. Isabel Chacón idazle agorafobikoaren azalean sartuko da aktore espainiarra, emakume haren bildurrak, zalantzak eta traumak erakusteko, bere bizitzako erabagi garrantzitsu baten aurrean dagoala. 

Manuel Martínez Velascoren testuan oinarrituta, José Carlos Plaza da La habitación de María antzezlanaren zuzendaria. Abuztuaren 19tik 22ra ikusi ahal izango da Arriagan. 

Horren ondoren, abuztuaren 25etik 29ra, Arthur Millerren La muerte de un viajante helduko da Bilbora, Rubén Szuchmacherrek zuzendutako bersinoaren erabateko estreinaldian. Imanol Arias bizkaitarra da aktore nagusia, eta Jon Arias, Jorge Basanta, Fran Calvo, Cristina de Inza, Virginia Flores eta Carlos Serrano-Clark be oholtzan izango dira.

Udako eskaintzea biribiltzeko, Arriaga Antzokiak bere produkzino bat berreskuratuko dau, El viaje a ninguna parte. Fernando Fernán Gómezen nobelan eta horren osteko filmean oinarritutako obra honetako zuzendaria Ramón Barea da, baita aktore nagusietako bat be. Beragaz batera agertuko dira Patxo Telleria, Mikel Losada, Itziar Lazkano, Irene Bau, Diego Pérez, Adrián García de los Ojos eta Aiora Sedano. 

Herririk herri dabilen konpainia bateko kideen begietatik, antzerkigintzearen mundua barru-barrutik erakusten dau obreak, eta bokazino hutsezkoa dan ogibide horri omenaldia be egiten deutso. Urtarrilean estreinau eban Arriagak produkzino hau, eta publikoaren gustukoa izan zanez, beste zortzi emonaldi dakarz orain, irailaren 2tik 12ra.

Hiru antzezlanotako sarrerak bagilaren 21ean ipiniko ditu salgai Arriagak, webgunearen bidez zein txarteldegietan. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu