Udea kulturaz blai dator Durangora

Bizkaie! 2021-06-14 09:53   Kulturea

Kalidadezko eta dobako egitaraua atondu dabe.

'Sin Ojana', Chicharrón Circo Flamenco, bagilaren 27an. | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturgintzea suspertu eta udan be zaleei ondo pasetako aukerea emoteko, Durangoko Udalak, San Agustin Kulturguneak eta sortzaileek bat egin dabe aurten be, Uda Kulturaz Blai! izeneko programa potoloa atontzeko. Danetariko ikuskizunak dakarz egitarauak, publiko guztiak gogoan. 

Bagilaren 26tik abuztuaren 28ra egingo dabe Uda Kulturaz Blai!, eta ikuskizun guztiak dobakoak izango dira. Ima Garrastatxu alkateak, Julian Rios alkateordeak eta Arantza Arrola San Agustin Kulturguneko arduradunak emon dabe programearen barri, Ganso & Cia konpainiako Gorka Ganso eta Cecilia Paganini artistek girotutako ekitaldian. 

Durangaldeko zein Euskal Herriko beste txoko batzuetako sortzaileak buztartu ditue egitarauan, urrunagotik etorriko diran beste batzuk ahaztu barik. Esate baterako, lehenengo hitzorduan, bagilaren 26koan, Durangoko Kriskitin taldeagaz batera egingo dau jantzan Ekuadorko Virgen del Cisne konpainiak. 

Egitarauan dagozan Durangoko beste artista edo konpainia batzuk izango dira Bagara kolektiboa, Durangoko Orfeoia, Peio eta Itsua, Licenciado Vidriera, Ganso & Cía eta beste asko. 

Era berean, aitatzekoak dira izen handiko talde ugari, adibidez, Deabru Beltzak (Diberti Dantza ikuskizuna eroango dau Durangora), Hortzmuga Teatro, Bulego... Proposmenik deigarriena, beharbada, Héctor Alterio argentinarraren errezitaldia izango da. Nazinoarteko antzezlan ugaritan ezagun egin dan aktore beteranoak León Felipe idazlearen testuak irakurriko ditu Durangon.

Danetara, 25 ikuskizun eta umeentzako 28 tailer dakarz Udan Kulturaz Blai! programeak. 

Ekitaldi gehienak aire zabalean izango dira, baina, kasu batzuetan, aterpedun alternatibak be pentsauta dagoz, euria egiten badau hara aldatzeko. Osasun arauak beteteko prest dagozan lekuak dira guztiak: Plateruenako terrazea eta Benita Uribarrena, Ezkurdi, Tabira eta Aurora Abasolo parkeak. 

Ekitaldi guztiak dobakoak izango diran arren, interesa dabenek erreserbea egin beharko dabe, saio bakotxari jagokon astean, Arte eta Historia Museoan edo online. 

Ima Garrastatxu alkateak adierazo dauenez, Uda Kulturaz Blai! herriko eskaintza kulturalaren parte bihurtzea nahi dabe, programea geratzeko etorri dalako. 

Kulturgile ugarik hartu dabe parte egitarauaren aurkezpenean (argazkia: Durangoko Udala)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu