Bilbok kalean ospatuko dau 721. urteurrena

Bizkaie! 2021-06-14 08:27   Kulturea

Bagilaren 15etik 20ra, era guztietako ikuskizunak urian.

Bilboko uribildua sortu zala 721 urte beteko dira martitzenean, bagilak 15. Egun horretan, 10:30ean, Bilboko banderea igoteko ekitaldia egingo dau Udalak, alkatea buru eta udalbatzar osoa bertan dala. Minutu bateko isiluneagaz hasiko da ekitaldi instituzionala, banderea igon baino lehen. Amaitzeko, lora eskaintzea egingo dabe, banderearen alboan dagoan zin egiteko jesarlekuan.

Hurrengo egunetan, hilaren 20ra arte, hainbat ekitaldi artistiko egongo dira, kalean. Batetik, martitzenetik domekara, iluntzean, Abandoibarra pasealekuko farolak kolorez jantziko ditue, antxinako jarduera industrialaren gomutan. 

Bestetik, hilaren 18an eta 19an, Dantz-Point egingo dabe Zorrotzaurren. Musika elektronikoko saiootako gidaria DJ JUDY izango da. Streaming bidez be ikusi ahal izango da lehenengo eguneko emonaldia, Udalaren Facebook kontuan. Mundu osoan zehar bizi diran bilbotarrek euren uriaren urtebetetzea ospatu ahalko dabe, azaldu dau Udalak. 

Azkenik, 19an, zapatua, Bilboko Koral Alkarteak, Enrique Azurza zuzendari dala, uria omenduko dau kontzertu berezi baten. Arriaga plazan izango da saioa, eta bertara joan nahi dauenak gonbidapenak eskatu beharko ditu eguenean (10:00etatik), 94 679 04 88 telefono-zenbakira deituta. Eskatzaile bakotxari lau sarrera emongo deutsez gehienez. 

Beste alde batetik, Bilboko Udalak zehaztu dau Gau Zuria urrian egingo dabela aurten. Normalean, uriaren urteurrenagaz bat etorten da Gau Zuria, baina, igaz egin eben legez, 2021ekoa be udagoienean antolatuko dabe, ordurako osasun egoerea hobea izango dalakoan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu