Jeff Koons eta Geaninne Gutierrez-Guimarãesen bideoa dakar Guggenheimek

Bizkaie! 2021-06-11 12:11   Kulturea

Artearen inguruko barriketaldian parte hartu dabe biek.

Jeff Koons (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoaren ikur nagusietako bat bihurtu da Puppy txakurra. Haren sortzailea dan Jeff Koons artista amerikarra da #GuggenheimBilbaoInsights saileko bideo barriko protagonistea, Geaninne Gutierrez-Guimarães museoko arte arduradunagaz batera. Koonsek New Yorken daukan estudioan batu ziran biak, eta barriketaldiaren bideoa sare sozialetan ikusi leiteke dagoeneko (hemen).

Arteaz eta Koonsek bere ibilbide oparoan sortu dituan obra enblematikoez egin dabe berba, artistearen lan guztietan dagozan kontzeptuak agirian itxiz, adibidez onarpena, baikortasuna eta inor ez epaitzeko asmoa. 

Bideoaren hasieran Puppy txakurraz egiten dabe berba protagonista biek. 1997tik Guggenheimen aurrean dagoan lorazko txakurraz, zera dino Koonsek: Hasiera batean, landarakaz egindako lanaren historia ospatzea zan asmoa, eta eginkizun espiritual bat beteko eban zeozer egitea, eleiza baten edo katedral baten baliokide, jentea batu eta debatea sortzeko transzendentziari buruz.

Ondoren, Koonsen beste obra ezagun batzuen inguruko azalpenak datoz. Adibidez, Idi-bihotzak eskulturea zelan sortu eban kontetan dau. Ready-made erako piezek biztuten deutsen interesa eta materialakaz, formakaz eta eskaleagaz esperimentetako dauen jokerea be aitatzen ditu barriketaldian. 

#GuggenheimBilbaoInsights sailean, museoko arduradun artistikoen eta sortzaile ezagunen arteko barriketaldiak batzen ditue. Konbidadu bakotxak bere ikuspegia emoten dau artearen, sorkuntzearen eta bestelako gai batzuen inguruan. 

Jeff Koonsen bideo honen kasuan, Geaninne Gutierrez-Guimarães izan da barriketaldiaren gidaria, 2015etik Bilboko Guggenheimeko arte arduradun danak. Basque Artist Program koordinetan dau eta Lygia Clarki 2020an eskainitako erakusketako komisarioa izan zan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu