Biribilketa aldarrikatzailea egingo dabe Durangaldeko neskek domekan

Bizkaie! 2021-06-11 10:19   Pil-pilean

Iurretan izango da berbaldi, tailer eta kontzertuz betetako egitaraua. 

Eskualdeko neska guztiei eragiten deutsen gaien inguruan gogoeta kolektiboa egin eta euren aldarrikapenak zabaltzeko, orain dala urte batzuk hasi ziran batzen Durangaldeko hainbat emakume. Holan jaio zan Biribilketa topaketea, eta domekan, hilak 13, hirugarren edizinoa egingo dabe, Iurreta plazan. Dozenaka neskak emon dabe izena.

Egunerokoan emakumeek jasaten daben egiturazko zapalkuntzea ulertu eta horri aurre egiteko, batzea eta gogoetak konpartidutea ezinbestekoak dirala uste dabe Biribilketaren antolatzaileek. Arazo kolektibo bati erantzun kolektiboa emotea da giltzarria. 

Alor askotatik begiratuko deutse gaiari domekan: indarkeria, heteroaraua, subjektu bihurtzea, norbere burua deskolonizetea... Sare sozialei adi egongo dira, zapalkuntzea betikotzen daben tresnak izateaz gan, emakumeen burrukea zabaltzeko bidea be izan leitekezalako. 

Tailer eta berbaldien bidez landuko ditue horreek gai guztiak, 12:00etan hasita eta mobimendu feministako eragile ugaritako konbidaduen laguntzinoagaz. Bestelako jardueretarako tartea be egongo da, adibidez, serigrafia tailerra, bazkari autogestionadua eta kontzertuak antolatu ditue. P.T, Alternatia eta Laru taldeek joko dabe.

2018an antolatu eben lehenengoz Biribilketa, Durangon. Hurrengo urteko hitzordua Zaldibarren izan zan. Igaz pandemiagaitik etena egin eta gero, indartsu bueltau da topaketea, sekula baino izen-emote gehiagogaz. Oraingoan Iurretan dira ekitaldiak, baina Durangalde guztiko taldeak ibili dira antolakuntzan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu