Antoni Tàpiesek lekua hartu dau Chillida Lekun
2021-06-10 13:55 KultureaArtista konbidaduen programan lehenengoa izango da sortzaile katalana.
Eduardo Chillidaren obrek beste artista batzuen konpainia izango dabe aurrerantzean Hernaniko Chillida Leku museoan, artista konbidaduen programea martxan jarri dabelako. Lehenengo konbidadua Antoni Tàpies izango da, arte moderno eta garaikidean bilakaeran arrasto sakona itxi eban sortzailea.
Zabalaga baserriaren goiko solairuan ipini dabe Tàpies Zabalagan izeneko erakusketea, eta 2022ko urtarrilaren 10era arte ikusi ahal izango da. Formatu txiki zein handiko artelanak aukeratu ditue, gehienbat 1980ko eta 1990eko hamarkadetan eginak. Antoni Tàpies Fundazinoaren laguntasuna izan dau Chillida Lekuk erakusketa hau atontzeko, eta bilduma partikularretako piezak be badagoz.
Asmoa da, Eduardo Chillidaren eta Antoni Tàpiesen obren arteko alkarrizketea sortzea, nazinoarteko artean eragin handia izan eben artista biren piezak alkarren alboan ipinita. Bien artean antzekotasun edo paralelismo deigarriak dagozala azaldu dabe Chillida Lekuko arduradunek.
Erakusketako pieza askotan, lehengaia egur xamota da, Tàpies eta Chillida lotzen dituan materiala. Hans Spinner zeramikagilearen tailerrean ezagutu eben biek teknika hori, eta gipuzkoarrak katalana bultzatu eban materiala probetera.
Handik aurrera, bien arteko antzekotasunak handitu egin ziran, baita arlo teorikoan be. Arteak izakera humanistea eta mundua eraldatzeko gaitasuna dituala aldarrikatu eben biek. Materia espiritualsunerako bidetzat ikusten eben, eta filosofiagaz eta poesiagaz buztartu zituen euren lanak.
Erronka handia da Chillida Lekurentzat Tàpiesegaz hasi duen ibilbide barria. Izan be, aurrerantzean, beste artista batzuen lanak be ikusi ahal izango dira obra konbidadu lez. Erantzunkizun handia da museoa beste artista batzuei edegitea, azaldu dau Mireia Massagué zuzendariak. Antoni Tàpiesen lana eta irudia abiapuntu ezin hobeak dira Eduardo Chillidaren ondare historikoagaz alkarrizketea hasteko.
Antoni Tàpies (Bartzelona, 1923-2012) XX. mendearen bigarren erditik hona Kataluniak emon dauen artista handienetako bat da. Surrealismoaren bueltan ekin eutsan ibilibde artistikoari, baina gero abstrakzinora jo eban. Pinturea eta eskulturea landu zituan gehienbat. Mundu osoan ikusi leitekez bere obrak, museorik entzutetsuenetan.
Berezko estiloa eukan Tàpiesek, eta informalismoaren mobimenduaren sortzailetzat joten dabe adituek. Tradizinoa eta barrikuntzak abstrakzinoaren barruan buztartzeko ahalegina da estilo horren ezaugarria. Sinbolismo eta espiritualtasun handiko obrak egin zituan, euskarri fisikotik harago doazan kontzeptuak agertu nahi zitualako.
Argazkiak: Lehenengoa © Eduardo Chillidaren artxibokoa. Ganerakoak, © Alex Abril/Fundació Antoni Tàpies.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!