'Erritmo Hirutarrak: Jotatik balsera' goiburupean, Bilboko Udal Musika Bandea martxan
2021-06-10 12:32 MusikeaBagilaren 11n, Iñaki Urkizuren zuzendaritapean izango da kontzertua.
Udabarriko kontzertuen denporaldiaren erdia gaindituta, Bilboko Udal Musika Bandeak bosgarren kontzertua eskainiko dau bihar, barikua, bagilak 11. Arenaleko Kioskoan izango da hitzordua, 19:00etatik aurrera. Zuzendari lanak Iñaki Urkizuk egingo ditu.
Programea Agustin Lararen Granada obreagaz hasiko da eta Tomás Bretónen Gran Jota de La Dolores, Cebrián Ruizen Una noche en Granada, Léo Delibesen Coppélia, Moritz Moszkowskiren Malagueña de Boabdil eta Aram Khachaturienan Vals de Masquerade obrak be interpretauko ditue.
Bandeak denboraldi honetako kontzertu zikloaren azken txanpeari ekingo deutso eta bagilaren 18koa, azken aurreko hitzordua izango da: Goazen zirkura! errezitaldiagaz taldeak Bilboko publikoa programa dibertigarri bategaz gozarazoko dau: zirkuaren munduan eta umeen munduan oinarritutako obrak eskainiko ditu, besteak beste, Henry Filmore, Glenn Osser eta Robert Rodgers musikari amerikarren, Georgi Salnikov errusiarraren, Jef Penders herbeheretarraren, Pérez Prado kubatarrarenk eta Julius Fuado txekiarraren obrakaz.
Orain arte lez, ikuskizunak artisten, ikusleen eta teknikarien segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diran neurri guztiak bete eta jasoten dituan protokolo berezi bat izango dau: kioskoa eta haren ingurua mugatuta egongo dira, maskarea nahitaez erabili beharko da, aulkiak ezarritako segurtasun-distantzian kokatu eta ezingo dira lekuz mobidu.
Iñaki Urkizu
Bere herriko Udalaren Bandan hasi zan tronpetea joten, zortzi urtegaz, familiaren tradizinoari eutsiz. Handik Tolosako Udal Bandara pasau zan eta han bakarlari ibili zan hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Konserbatorioan egin zituan tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakasleagaz. Irakasle ibili da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musical-en be.
Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askogaz alkarlanean ibili da: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Arrasate Musical Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zan. Bakarlari moduan egindako lana be nabarmentzekoa da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistakaz eskainitako organo eta tronpeta kontzertuetan. Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzinoak egiteagaitik eta musika-banda askok jaso ditue haren lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikearen bilduma bat atondu eta horreen lehen lau zenbakiak argitaratuta dagoz: Jaialdia, Dantzaldia, Kantaldia eta Betikoskorri, azken lan hori izenak, adierazoten dauanez, Oskorrí talde ezagunaren omenez egina. Era berean, moldaketa asko musika-ikuskizunetarako egin ditu, besteak beste, Serafín Zubirirentzat Recordando a Nino Bravo eta El Baúl de los 70.
Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpetista bakarlari-plazea be izan eban. Urkizuren batutapean CD bat grabau da, Bergarako Orfeoiagaz batera, José Franco, Luis Aramburu, José Mª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanakaz. Bilboko Udaleko musika bandeagaz be zenbait CD grabau ditu, bata Bilboko Koral Alkarteagaz bere 125. urteurrenan “Kantuz Hari den Herria” izeneko musika-lana, abesbatza bi eta Bandearentzat berak idatzita eta bestea Zarzuelari eskainita, Masa Coral del Ensanche, Miren Urbieta (sopranoa), Vicenç Esteve (tenorra) eta Fernando Latorregaz (baritonoa).
Zuzendari gonbidatua izan da Euskal Herriko zenbait bandetan, Barakaldoko udalaren Bandan, Durangoko Tavira Musika Bandan edo Gasteizko Udalaren Bandan, besteak beste. SGAEko kidea eta 2017tik Bilboko Udaleko Musika Bandearen zuzendariordea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!