Anjel Lertxundi eta Miren Agur Meabe Bidebarrietan izango dira hilaren 15ean

Bizkaie! 2021-06-10 12:29   Kulturea

Eztabaidak Literatureagaz zikloan, narratibearen eta poesiaren arteko loturea aztertuko dabe.

Miren Agur Meabe idazlea | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal literaturako idazle esanguratsu biren txandea izango da Bilboko Bidebarrieta Liburutegiko Eztabaidak Literatureagaz zikloaren hurrengo saioan. Anjel Lertxundik eta Miren Agur Meabek narratibearen eta poesiaren arteko loturaz egingo dabe berba martitzenean, bagilaren 15ean (19:00).

Udane Goikoetxea kazetari eta idazleak gidatuko dau saioa, euskal literaturaz eta idazteaz Lertxundik eta Meabek dituen ikuspegiak modu gozagarrian aurkezteko asmoz. Narratibea eta literaturea alkar gurutzatzen daben genero bi ete diran, ala marra paralelo bi; edo literaturea genero zurrunetan sailkatzeak zentzuna ete dauen... Badabe zer aitatua idazle biek. 

Lertxundi eta Meabe, ibilbide luze eta oparodun idazleak izateaz gan, narratibearen, poesiaren eta ganerako generoen arteko loturaz berba egiteko konbidadu aproposak izango dira. Izan be, biek jorratu ditue literaturearen alor ugari. Lertxundik nobelak, ipuinak, saiakerak eta abar argitaratu ditu, komunikabideetan zutabe ugari idazteaz gan. Meabek sarri landu dau poesia, eta gazte literaturan, helduen nobelagintzan eta itzulpengintzan be ibilia da. 

Eztabaidak Literatureagaz zikloko saio guztien moduan, honako hau be dobakoa izango da. Osasun neurriak dirala eta, Bidebarrieta liburutegiko aretoko edukierea mugatuta egongo dala ohartarazo dau Bilboko Udalak, eta, beraz, gonbidapenak hartu behar dira aurretiaz (hemen). Ekitaldia streaming bidez be emongo dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu