EusTET ikastaroan izena emoteko epea zabaldu dau Labayruk

Bizkaie! 2021-06-08 12:37   Kulturea

Euskera teknikari izateko oinarrizko prestakuntzea emongo dabe, teoria eta praktikea buztartuz.

Irailean hasiko da EusTET ikastaroa, euskera teknikari izateko oinarrizko jakingarriak erakusteko asmoz antolatua. Labayru Fundazinoak azaldu dauenez, izen-emotea zabalik dago, eta, plaza guztiak lehenago beteten ez badira, garagarrilaren 30era arteko epea dago.

Labayruk azaldu dauenez, gizartean lan handia dago egiteko euskerearen normalizazinoan, alde batetik, herritarren artean euskerearen ezagutzea eta euskeraz bizitzeko eskaerea gorantz doalako eta, bestetik, enpresa zein entidadeak sensibilizaduago dagozalako zerbitzua euskaraz emoteko. Bide horretan laguntzeko, euskera teknikari edo trebatzaileak beharrezkoak dira.

EusTET ikastaroan, zeregin horretan jarduteko oinarrizko prestakuntzea emongo deutse ikasleei: euskereari lotutako legeak, euskera planak, kalidade-ziurtagiriak, erakundeetako trebakuntzea... Labayruko hiru teknikari izango dira irakasleak, alor horretan esperientzia zabala dabenak.

Ikastaro trinkoa izango da, irailaren 13tik 25era (100 ordu danetara), eta teoria eta praktikea buztartuko ditu. Ikasgai bakotxeko edukiak lantzeko ariketak egongo dira, baita amaierako proiektu handi bat be, taldeka. Ikastaroa modu egokian amaitzen dabenei EusTET ziurtagiria emongo deutse eta lan-poltsan sartuko ditue. 

EusTETen 14. edizinoa izango da aurtengoa, baina, Covid-19a dala eta, desbardintasun batzuk egongo dira, batez be osasun neurriei eta onartutako ikasleen kopuruari jagokenez. Hori bai, ikastaroa aurrez aurrekoa izango da, Labayruk Bilboko Bolueta auzoan dauen ikastegian. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu