'Artistentzako Egonaldiak' irabazi dituen artistei harrerea egin jake
2021-06-08 09:57 KultureaProgrameak uriko arte eszenikoen arloan ikerketa eta barrikuntza sustatzea dau helburu.
Bilboko Udalak, BilbaoEszena Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez, Artistentzako Egonaldiak programearen 2021. deialdiko hiru proposamen irabazleak aukeratu ditu: Estudio Gueada, El Mejor de los Mundos proiektuari esker; Itziar Manero, Memoria lanari esker; eta María Andrés, Roses to dance proiektuagaz. Ekimen horren helburua da Bilboko arte eszenikoen arloan ikerketea eta barrikuntzea sustatzea.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak -lagun dituala Gonzalo Olabarria, Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, Justo Ezenarro, Bilboko Udaleko Kultur Programazinoko zuzendariordea eta Alicia Ochandategui, kultura arloko programatzailea eta BAD jaialdiko zuzendaria- harrera egin deutse aurten irabazle izan diran Raquel Durán eta Rut Briones Gueada Estudiokoei eta María Andrési. Bestalde, Itziar Manero artistea modu telematikoan izan da harrera-ekitaldian.
Proiektu irabazleetako bakotxak 4.000 euro jasoko ditu eta gainera, hautatutako artistek aukerea izango dabe sorkuntza prozesuak aurkezteko publiko orokorraren edo sektoreko profesionalen aurrean, BAD Bilboko Antzerki eta Jantza Jaialdiaren hurrengo edizinoan edo Udalaren beste edozein ekimen eszenikoren barruan.
Horrezaz gan, gehienez be 25 eguneko egonaldia egiteko aukerea izango dabe eta oso modu trinkoan, aurkeztu eta hautatua izan dan proiektu artistikoaren arabera. Egonaldiak BilbaoEszenaren lokaletan eta arlo eszenikoko uriko beste espazio batzuetan egingo dira.
Javier Liñeraren Dramaturgia Laborategia
BilbaoEszenak zabalik dauka Javier Liñerak garagarrilean emongo dauen Dramaturgia Laborategian izena emoteko epea. Tailerra garagarrilaren 5, 7, 9, 12, 14 eta 16an egingo da. Online izango da, garagarrilaren 12an eta 14an izan ezik. Egun horreetan, Bilbaoeszenan izango da aurrez aurre. 75€-ko prezioa dau, 60€-koa Bilbaoeszenako, ADDEko, EABko eta Artekaleko bazkideentzat. Izena emoteko posta elektroniko bat bialdu behar da bilbaoeszena@bilbao.eus helbidera
Artistentzako Egonaldiak
Programeari orain hamahiru urte ekin jakon eta helburua da Urian arte eszenikoen arloko ikerkuntzea eta barrikuntzea sustatzea, laguntzea, eremu eszenikoan sorkuntza edo ikerkuntza prozesuak jorratu gura dituen erakunde artistiko edo banakako artista guztiei baliabideak eskainiz (dirulaguntzak, baliabide teknikoak, formazinoa, gidaritzea...), batez be eszena barriakaz zerikusi handiena dabenei, interes berezia dabenei, ardatz nagusia, betibe, antzerkia eta/edo jantzea diralarik eta bazterrean itxi barik jardun tradizionalakaz zerikusia daben proiektuak, besteak beste, kaleko antzerkia edo zirkua.
Programa honen bidez, Bilboko Udalaren helburua da, alde batetik, sorkuntza artistikoa sustatzeko ekimenak bideratzea eta babestea. Eta, bestetik, eremu eszenikoa indar nagusitzat daben ikerkuntza eta garapen-prozesuak indartzea, batez be, dramaturgia barriakaz zerikusia dabenak. Era berean, sormenerako talentuak hauteman eta atxiki nahi ditu, produkzinorako sarbidea erraztuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!