Martxan da XIII. Bizkaidatz lehiaketea

Bizkaie! 2021-06-07 09:36   Kulturea

Alaine Agirrek eta Mikel Santiagok hasitako istorioei jarraipena emon beharko deutse parte-hartzaileek.

Irakurteko eta idazteko zaletasuna bultzatzeko asmoz Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dauen Bizkaidatz lehiaketearen aurtengo deialdia zabalik dago. Dagoeneko 13. edizinoa beteko dau herritarren irudimena eta sormena biztuten dituan ekimen honek. Betiko lez, euskerazko zein gaztelaniazko modalidadeetan, idazle ezagun batek hasitako istorioaren jarraipena idatzi beharko dabe parte-hartzaileek.

Oraingo honetan, Alaine Agirre eta Mikel Santiago arduratu dira istorioen hasikerak idazteaz. Euskerazko modalidaderako, Agirrek Zutunik eta makurtuta izeneko kontakizuna idatzi dau, baina amaitu barik dago. 16 urtetik gorakoek bialdu leikiez istorioa amaitzeko proposamenak. Alaine Agirrek aurkeztutako egoera eta personaiakaz koherentea izan beharko dau. 

Gaztelaniazko atalean, baldintzak bardin-bardinak dira, baina Mikel Santiagoren Una sorpresa de ocho patas izango da abiapuntua. Parte-hartzaileek modalidade bietara bialdu leikiez idazlanak, edo bietako batera. 

Edozein kasutan, testu bakotxa 12 eta 15 orrialde bitartekoa izango da. Irailaren 4ra arteko epea dago lanak bialtzeko, Foru Aldundiaren Herritarren Arretarako Bulegora joanda (Diputazino kalea, 7) edo Egoitza Elektronikoa erabilita. 

Oinarriak hemen.

2008an lehenengoz antolatu zanetik, Bizkaidatz lehiaketan 553 kontakizun aurkeztu dira. Orain arte, 26 idazlek idatzi ditue kontakizunen hasikerak, parte-hartzaileek jarraitu deiezen. Besteak beste, Miren Agur Meabe, Katixa Agirre, Bernardo Atxaga, Alex Oviedo eta Irati Jimenez ibili dira horretan aurreko edizinoetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu