Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeari buruzko erakusketea Portugaleten
2021-06-07 09:14 KultureaErakusketea Ezkerraldean egongo da bagilean eta hortik Durangora joango da garagarrilaren 1ean.
Bizkaiko uribildu bakanetako batek Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz erakusketa ibiltaria hartuko dau bagilean. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak eta Mikel Torres Lorenzo Portugaleteko alkateak, Begoña Gil Llanos, Zigor Isuskiza Arana eta Emilio Lobato Pascual Mahaiko kideek lagunduta, egunotan inaugurau dabe, El Solar plazan, Portugaleteko udaletxearen ondoan eta 2016an landatutako Gernikako Arbolearen oinordekotik hur, Europako Batzar zaharrenetakoa dan baten garrantzia historiko eta kulturala lurralde osoan zabaltzen dabilen erakusketea. Erakusketa ibiltaria Bilbotik eta Getxotik Ezkerraldeko bihotzera doa, XIV. mendetik aurrera erakunde hori lurraldeko gorabehera nagusien protagonista eta lekuko bihurtu izanaren zergaitiak zabaltzeko.
Erakusketea formatu handiko 12 panelek osotzen dabe eta erakunde parlamentario moduan dauen eskumen-egitura zabala azaltzen dau, baita batzen dauen kultur ondarea be. Erakusketan ibilbide xume bat eskaintzen da bere lau egoitzetako (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) edukietatik, Gernikako Batzarretzean zehaztasun handiagoagaz geldituz, Gernikako Arbolea demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren babeslekua dalako.
Erakusketaren berrinaugurazinoan, Ana Otadui Biterik, azpimarratu dauenez, erakusketeak Batzarrek daben egiteko parlamentarioan eta ondare kultural aberatsean eragin gura dau. Otaduik gogora ekarri dau Portugaleteko uribildua Batzarrakaz lotuta dagola, Miguel Loredo Rolaren figurearen bidez, foruen defendatzaile sutsua izan zalako. Berba egiteko zituan dohaiakaitik Portugaleteko Castelar ezizena jaso ostean, 1864an Gernikan batzarretako kide bihurtu zan eta bertan haren erretorika bikainagaz jentea suspertu eban. Foruen Batzordeko kide aukeratua izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!